Aramaioko udal talde guztiek eskatu dute Garoñako zentral nuklearra ixtea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko ots. 8a, 13:37

Joan den otsailaren 3an atzeratutako osoko bilkura egin zen atzo. Etxaguen auzoko hiri-azpiegituren eraberritzeko lanen esleipena zen gai garrantzitsuetako bat baina lehen enpresaren eskaintza atzera bota du Udalak. Bestalde, Garoñako zentral nuklearra ixtea eskatzeko Bildu eta Aramaio Alkartasunak aurkeztutako mozioa bere egin zuen EAJk. Gipuzkoan azpiegitura lan handiak geldiaraztearen aldeko mozioa, berriz, Bilduk bakarrik babestu zuen; EAJ eta Aramaio Alkartasunak kontra bozkatu zuten.

Etxaguen auzoko eraberritze lanei dagokienez. guztira 37 enpresa aurkeztu ziren lehiaketara eta horietatik baja arina (temerarioa) eskatu dute zortzik. Baja horiek aztertu bitartean, Mecuma enpresaren aukera atzera bota du Udalak. Ramon Ajuria alkatearen arabera, atzoko plenoan esleitu gura zituzten lanak baina ez da posible izan. EAJko zinegotzi Iñaki Nafarratek, berriz, eskatu zuen gaia hirigintza batzordetik pasatzea: "Oso obra garrantzitsua da eta plenora ekarri aurretik batzordetik pasa beharko litzateke".

Garoña ixtea, aho batez

Bestalde, bi mozio aurkeztu ziren atzoko plenoan. Lehena, Garoñako zentral nuklearra ixtea eskatzeko mozioa, Bildu eta Aramaio Alkartasunak aurkeztu zuten baina EAJko zinegotziak bat egin zuen azken orduan eta hiruen izenean aurkeztu zuten.

Bigarren mozioa Blduk aurkeztutakoa izan zen, Gipuzkoako azpiegitura lan handiak geldiaraztearen aldekoa: "Gipuzkoarekin dugun gertutasunagatik eta lan horietako batek zuzenean eragiten digulako bat egiten dugu mozioarekin", adierazi zuen Bilduko bozeramaile Lierni Altunak. EAJk eta Aramaio Alkartasunak aurka bozkatu zuten.

EAJk hainbat kexa

Iñaki Nafarratek (EAJ) hainbat kexa azaldu zituen. Besteak beste, Hirigintza Sailaren kudeaketa berantiarra aipatu zuen: "Berandu dabil Hirigintza, atzerapen handiak ematen dira herritarrek, adibidez, konponketa bat eskatzen dutenean. Akaso batzordeak maiztasun gehiagorekin egin behar dira". Hirigintza zinegotzi Andoni Solupek honakoa erantzun zion: "Hainbat gai ditugu eta lehentasunak markatu behar dira. Ez dut uste batzorde gehiago egitea eraginkorra izango den, izan ere, batzorde horietara gaiak landuta eraman behar dira teknikoen eskutik eta askotan ez dago horretarako aukerarik. Hala ere, kontuan izango dugu eskaera".

Horiez gain, kiroldegiko kantxa zikin dagoela salatu zuen EAJko zinegotziak. Eta, besteak beste, Cuatrovientos baserriko irteeraren gainean nobedaderik dagoen galdetu zuen. Ramon Ajuria alkateak erantzun zion esanez, trafikoa erregulatzeko eskaera egin dela eta obra osoaren gaineko argibideak Adif edota Diputazioari eskatzeko.

Amaitzeko, elurtea dela-eta eta gatzaren erabilera zehazteko eztabaidan aritu ziren Nafarrate eta Zerbitzuetako zinegotzi Jose Ramon Uribe.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak