Abaroan da Zea Mays, une gozoan, ospakizun betean

Asier Alkorta 2011ko uzt. 4a, 11:56

Kartel benetan konpletoa osatu zuten Aramaioko jaietako antolatzaileek bariku gauerako, izen ezagun bi eta talde berri bat, ezusteko atsegina eman zuena, hain justu.

Izena entzunda, Anai-arrebak, ematen zuen gaueko lehen taldea iparraldetik etorriko zela doinu tradizional eta ahots eztiekin giroa goxatzera, baina horren ordez Pasaiako anai-arrebak bai, baina funky, hard rock eta eromen
dantzagarri bitxia ekarri zuten Aramaiora. Lehen kontzertua izan zuten barikukoa eta momentuz ez dute diskorik kalean baina ziur batek baino gehiagok haien izena apuntatu zuela.

Jousilouliko Matxet eta haren arrebak ikuskizun zoro eta freskoa eman zuten eta, zaila izanda ere, giroa bereganatu zuten txalo eta txistu artean agur esan arte. Ez zuten zuzeneko bataio txarra izan, inondik inora, eta adi, ze abestiak borobildu eta zuzenean are askeago mugitzen hasten direnean, errebelazioaz hitz egiten hasiko gara.

Anai-arrebak, gaueko sorpresa

Baliteke Sorkun lehorraldian egotea –diskorik aspaldi ez du atera– eta ideia berrien bila betiko abestiekin jolasean hastea erabaki duela, bai Kashbaden garaikoekin zein bakarka ezagun egin dituenekin.

Eta gauza bitxia da gainera, ze egubakoitzean abestirik txalotuenak bakarkako diskoetakoak izan ziren (Lurra, Heldu nazazu edota Rescue me
bertsioa), Kashbad ia kultuzko taldea izan bazen ere, eta horrek sortzen eta disko berriak ateratzen jarraitzeko animoak eman beharko lizkioke errenteriarrari.

Lagunak alboan hartu eta bere 'klasikoen' country, blues eta jazz bertsioak aurkeztu zituen, jostari eta estiloak menderatuta. Zer esanik ez Sorkunen ahotsak erregistroz aise aldatzeko eta estiloak bere egiteko soberako malgutasun eta indarra daukala, eta berak badaki hori.

Bikain geratu zitzaizkion Burmuinak lasaitxoagoa edota Amalur jazz -funkya zuzenekoan baina abesti askotan, Kashbadek ezagunenetan gehien bat, anekdota eta bitxikeria gaindituta, gorputzak Kashbaden melodien indar gordina eskatzen zuela ere nabari zen. Hala ere, Sorkunek bizirik dirau, disko berri eta soinu berrien premia izanik ere.

"Uda etorri da-eta"

Zea Maysekoek, bizi duten une gozoa benetan disfrutatzen dabiltzala agerikoa da: jotzen eroso, pozik, abesti dantzagarriak eta plazak beteta. Euskal talde gehienen ametsa, egia da Errekaldekoentzat. Meriturik ez zaie falta,
ibilbide oparoa daukate, zuzeneko izerdiak eta disko borobilak zutoin, eta azken diskoek garai bateko intentsitate hunkigarritik apur bat galdu badute ere, naturaltasuna eta bat-batekotasuna irabazi dute.

Gaurko Zea Mays eguzkitara atera da eta jostari dabil dantzarako rockaren festan. Negua joan da-eta  abestiaren eztiak ostu die lekua Elektrizitatea edota Itsasoa harribitxietako samin gozoei eta zer esanik ez zoramena zabaltzen dela udako kantua dela erraz esan daitekeen horren lehen akordeak entzun bezain laster (bisetako lehen abestia izan zen).

Festa. Taldea, neurrian, euren mometua bizitzen, negua etorriko da-eta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak