Jose Ramon Uribe, Aramaioko Alkartasunako alkategaia: "Herri txikietako udaletan politika egin baino herriaren alde lan egin behar da"

Xabier Urtzelai 2011ko api. 22a, 08:00

Aramaioarrek alkate izateko Aramaioko Alkartasunako hautagaia aukeratzen badute, eginbehar horrek ez du ezustean harrapatuko Jose Ramon Uribe. Izan ere, Uribek badaki alkate izatea zer den, ardura hori bete zuen-eta orain dela makinatxo bat urte, 1991tik 1995era, eta lehenago zinegotzi ere izan zen. Politikara egin duen itzuleraren gainean galdetzerakoan zera adierazi du: "Jendea ez dago lan horretarako gertu, hori da egia, eta nik garbi ikusten dut zeregina badagoela. Horregatik onartu dut".

Soslaia

Jose Ramon Uribek (1954) urteak daramatza Barajuenen bizi izaten, nahiz eta Arrasatekoa den: "Ezkondutakoan joan nintzen Aramaiora bizi izatera, eta orduan Dongi-k [Julian Etxabe] eta Kono-k [Joxe Goronaeta] laguntzeko eskatuta sartu nintzen politikan. Egia esan, orduan ere ez nuen politika larregi jarraitzen, independiente moduan joan nintzen, eta orain ere ez nago EAn sartuta". Uribek Arrasaten egin zituen ingeniaritza ikasketak, eta egun Gasteizen dihardu lanean.

 

Aramaion ez duzue Bildu koalizioarekin bat egingo. Zergatik?

Zerrendak osatzerako orduan ez garelako adostasun batera iritsi, ez dago besterik. Ez gara erabaki hori hartu dugun herri bakarra, Araban bakarrak izan gara, baina Gipuzkoan eta Bizkaian ere badaude herri gehiago. Dena dela, Diputaziorako gure botoak Bildura joango dira. Herri mailan, baina, gu Aramaioko Alkartasuna izango gara.

Askok ezustekoa hartzen dute alkate izateko aukeratu eta lanean hasten direnean, beste gauza bat espero balute moduan. Zuk badakizu alkate izatea zer den.

Gertatzen dena da Aramaio moduko herri txiki batean egitasmoak aurrera ateratzeko aurrekontu txikia izaten dela, eta gauza mordoa egiteko nahia izanda ere, askotan ez da posible izaten. Esaterako, guri igerilekuaren kontuarekin gertatu zitzaigun hori, igerileku bat egiteak zenbat balio zuen ikusi genuenean konturatu ginen ez zela posible. Bestalde, alkateak diru-laguntza eske ibili behar du etengabe... Ni egon nintzen garaian, baita elektrizistari elurte baten ondorioz itzalaldia izan genuelako laguntzen ere! Herri txiki bateko alkateak horrelakoetarako ere egon behar du gertu.

Jose Ramon Uribe, udaletxeko balkoian ikurriña jartzen.

 

Alkate aukeratzen bazaituzte, zer da egingo duzun lehenengo gauza?

Ekonomikoki Udalaren egoera zein den ikusiko dut. Adibidez, Andaluzian-eta ikusten ari gara udaletxeak ze egoera txarrean dauden, bertako langileak kobratu ezinean... Udalak, gainera, seguruenik hainbat konpromiso izango ditu beste egitasmo batzuk egin ahal izateko, eta horien aurrean erantzun egin behar da. Eta, horiek guztiak egin ostean Udalean egongo garenok adostu beharko dugu herrian zer egin nahi dugun.

Zer da Aramaiotik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Bertako parajea da gehien atsegin dudana, eta jendea. Orokorrean harreman ona dago herritarren artean, nahiz eta herri guztietan moduan gurean ere egongo dira ezinikusiak. Zorionez, nik ez dut inorekin arazorik. Gutxien, berriz, gazteen artean dagoen langabezia maila. Horrekin batera, mendian nabilenean eta basoak narraz beteta ikusten ditudanean, amorrua ematen dit [Barre]. 

Zelako Aramaio amesten duzu?

Lehen aurreratu moduan, langabezia gabeko Aramaio amesten dut. 

Alkate izan zinenetik hona, asko aldatu da Aramaio?

Bai, aldatu da, eta hobera. Egia da herri txikiak ez direla hirien martxa berdinean aldatzen, baina egon dira aldaketak, bai. Lehen esandako moduan, egitasmoak aurrera ateratzeko diru-laguntzak behar dira, diputazioan etengabe ibili behar izaten gara eskean, eta jasotzen dugun dirua ez da herrian aldaketa handiak egiteko modukoa.

Orain dela hilabete gutxi Goiena paperean egindako elkarrizketan zera esan zenuen, alkate izan zineneko sasoiari buruz: "Politika orokorren kontuez nahiko urrun geunden garai hartan, guk Aramaioko kontuei begiratzen begien".

Eta horrek berdin jarraitu beharko lukeela garbi dut, batez ere Aramaio moduko herri txikietan. Niregatik balitz, gainera, udaletxean profesional talde batek egon beharko luke lanean: gerente bat eta ekonomian aditu bat. Eta ondoren, herritarren zerrenda bat herriak dituen beharren gainean eztabaidatzeko. Izan ere, alderdiak tartean daudenean askotan nahastu egiten dira gauzak, goian hartutako erabakiekin.

Gertutik

Herriko txokorik gustukoena: Orixol.

Herritar bat: Nire emaztea.

Pertsonaia historikoa: Ignacio Barrutia.

Telebistako saio bat? Pelikulak ikusten ditut. 

Sare sozialetan ibiltzen zara. Non? Ez naiz ibiltzen, egia esateko.

Irakurri duzun azken liburua? El informe Phaeton.

Egunkaririk irakurtzen duzu? El Diario Vasco erosten dut.  

Eta irakurtzen? Goiena papera irakurtzen dut, baita El periodico de Alava eta Mundo Deportivo ere.   

Interneten zertan ibiltzen zara? Informazioa bilatzen, baina laneko kontuekin lotuta.  

Ikusi duzun azken filma? Avatar.

 Abesti bat? Txoria txori, edota Xalbadorren heriotza.

Mania bat? Badut, bai. Praketako poltsiko bakoitzean mukizapia eramateko ohitura dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak