Has gaitezen izenburutik. Zergatik Jaun Zuriaren Askazia?
Egia da askazia [senidea, ahaidea]hitza ez dela oso erabilia. Gabriel Arestik erabiltzen du Nire aitaren etxea defendatuko dut poema famatuan. Hitza bera poematik hartu nuen eta liburuak ildo kronologiko bati heltzen dionez, historiaren hasieratik XVI. mendera arte, belaunaldiz belaunaldi helarazi diren, istorio, ohitura eta kontakizunak islatu gura nituen. Argi neukan ideia hori izenburura ekarri behar nuela.
Jaun Zuria da pertsonaia zentrala da eleberrian. Kronologian IX. edo X. mendean geratzen da eta mitologiak edo historiak –batzuetan lehenak eta beste batzuetan bigarrenak– dio Bizkaiko jaurgoaren lehendabiziko jauna izan zela. Jaurgoaren instituzio politikoaren erreferentea da, eta nik jauna ikusten dut antzinako garaien eta garai modernoen arteko zubi moduan.
Historia mitikoa historia ezaguna bezain garrantzitsua izan daitekeela diozu. Zergatik?
Historia ezagutzeko kezka unibertsala da, gizakiak aurretik gertatu dena jakiteko nahia izan du beti. Hori horrela zen XVI. mendean ere. Historia idazteko orduko baliabideak eta egungoak oso ezberdinak ziren eta ohikoa zen orduko datu historikoak janzteko eta edertzeko fikziozko kontakizunak txertatzea. Mitoak orduko gizartearen argazkiak dira eta horregatik ikuspegi mitikoa kontuan hartu behar da, oso garrantzitsua da.
Noski, egun historialariak oso zorrotzak izan behar dute. Orain historia idazteko informazioa egiaztatu egin behar da.
Kondaira ezezagunak direla diozu. Nola berreskuratu dituzu?
XVI. mendean kronika asko eta asko idatzi ziren. Hala ere, oso inprenta gutxi ikusi nituen eta inprenta asmatu aurretiko eskuizkribu asko galdu egin dira. Eta mantendu diren gutxietan ikusten da nola kronika batek bestearengandik edaten duen, elkarren osagarri direla. Historialariendako ez dira deigarriak, egiaztatu gabeko ipuin moduan ulertzen dira egungo ikuspegitik. Horregatik dira ezezagunak, gutxietsiak eta baztertuak izan direlako. Hortxe zeuden; nik ezagutzera emateko lana hartu dut.
Norendako da liburua?
Publiko zabalarendako da baina bereziki historiaren inguruko fikzioak eta kontuak gustuko dituenari dago zuzenduta. Historia mitikoa eta historia ezaguna elkarren osagarri dira, eta beraz, historian jantzia denak gehiago gozatuko du. Oinarri barik irakur daiteke, baina liburuak errazago harrapatuko du gure iragana ezagutzen duena.