Nola joan da Euskal Herriko mus txapelketako finala?
Igor Aiastui: Ez genuen goizeko ligaxkatik pasatzea lortu. Gure taldean Lapurdiko, Baztango eta Antzuolako bikoteak izan ziren eta ez genuen partida bat bera ere irabazi. Hala ere, presio barik joan ginen, ez genuen-eta ezer galtzeko. Esperientzia polita izan da; datorren urtean ere hartuko dugu parte.
Nola heldu zineten Arabako txapeldun izatera?
Kepa Etxebarria: Eki tabernan jokatu zen Aramaioko kanporaketan bigarren geratu ginen. Hasieran lehen bikotea bakarrik sailkatzen zen Arabako txapelketarako baina bikote faltan zeudenez, guri ere deitu ziguten.
Errebotez heldu ostean, irabazi.
I.A.: Hala da. Hasierako ligaxka erraz pasatu genuen. Baina kanporaketetan oso bestelakoa izan zen istorioa: final laurdenetan 3-1 irabazi genuen, final erdietan 3-2 –justu-justu– eta finalean, azkenik, 3-0. Kanpezura joatearekin bakarrik pozik geunden eta ez genuen inondik inora espero Arabako txapeldun izatea.
K.E.: Gainera, lau erregetara jokatu zen Arabako txapelketa eta gu ez gaude ohituta modu horretara jokatzera. Jokoa oso ezberdina da, karta gutxiagorekin jokatzen da. Hau da, karta txarrekin jokatzen jakin beharra dago. Egun batzuk lehenago hasi ginen modu horretara jokatzen eta eskerrak Kanpezuko txapelketan ere bikote gehienak zortzi erregetara jokatzera ohituta zeudela.
I.A.: Urruñan, berriz, bikote gehienak lau erregetara askotan jokatu dutela erakutsi ziguten...
Legezkoak ez diren keinurik, hau da, joko zikinik ikusi al duzue?
I.A.: Entzun izan dugu jendeak keinu propioak eramaten dituela baina guk ez dugu halakorik ikusi. Arabako txapelketan, esaterako, Kepak keinu bat harrapatu zion aurkariari, baina legezkoa zen.
K.E.: Euskal Herriko txapelketan bikoteren batek legezkoak ez diren keinuak egingo zituen. Are gehiago irabazleendako saria zein zen ikusita [Txapeldunendako, 3.000 euro eta nazioarteko bidaia lau lagunendako].
Pokerrak gogor astindu du karta jokoa gurean. Musa estaltzeraino?
I.A.: Ezin da ukatu pokerrak indar handia hartu duela. Guri ere asko gustatzen zaigu pokerrean jokatzea baina musa ez dugu alde batera utzi.
K.E.: Ez dut uste musa galduko denik, baina estaltzeko arriskua badago. Belaunaldi berriek ez dute horren erraz ikasiko; guk musean edo tutean jokatzen ikasi dugun moduan, etorkizunean pokerra izango da gazteek ikasiko duten lehenengo jokoa.