Hasteko, Asier Agirre alkateak 2010eko abenduaren 15etik –lurjausia gertatu aurretik Aramaioko Udalak eman zuen Cuatrovientos baserri ondoko lur mugimenduen berri– gaur egunera arte Udalak egindako urrats eta tramite guztien berri eman zuen. Gero, Maribi Joaristi abokatuak Udalari eta Aramaioko herriari sortutako kalteen gainean jardun zuen, eta azkenik, Mercedez Zulaika abokatuak herritarrei erreklamazioak jartzeko orduan jarraitu beharreko prozedura azaldu zuen. Gero etorri zen, esandako moduan, herritarren galdera saio luzea.
Mercedes Zulaikak emandako aholkuetako bat izan zen erreklamazioak indibidualizatzearena. Hau da, Administrazioari begira, Udalak honezkero jarrita duen erreklamazioari pisu gehiago emateaz gain, kasu bakoitza ondo azaltzea garrantsitzua da, Zulaikaren arabera: "Erreklamazio eredu bakarra eta berbera bidaliz gero balio sinbolikoetan jausiko dira ordainak, eta kalte ordain sinbolikoetan gehienok galtzaile irtengo zarete. Horregatik ezinbestekoa da erreklamazioa indibidualizatzea".
Horrek, beraz, ahalegin berezi bat suposatzen du herritarrendako, eta Udala gertu dago laguntzeko. Hala ere, ezin du herritarren partez salaketa jarri; batetik, Udala legalki ez delako inor norbanakoren baten izenean salaketa jartzeko, eta bestetik, Administrazioak Udalaren kontra erabil dezakeela herritarrak salaketa jartzera bultzatu izana. Bide administratibo ere zailtasunez josita dator, baina herritar batek adierazi zuenez, "kalte ordainik jasotzea oso zaila izan arren, bizi izan duguna azkeneraino salatzeko balio dezala, behintzat".