Asier Agirre: "Mendixolako adin txikikoendako zentroarekin kartzela jarri digute herrian"

Usoa Agirre 2010ko aza. 26a, 10:41

Asier Agirre Aramaioko alkatea gonbidatu zuten martitzenean Goiena Magazinea saiora. Eneko Azkarate eta Arritxu Barruso lankideekin jardun zuen Agirrek eta ez zuen argi utzi hurrengo udal hauteskundeetan ezker abertzaleko hautagaia izaten jarraituko duen: "herri batzarrean erabakiko da hori. Zerrenda burua baino garrantzi handiagoa du ekipoak, oraingo agintaldian gertatu den bezalaxe. Edozein modutan beti nago gertu herriarendako lan egiteko".

Bestetik, udal aurrekontuak urtarrilaren erdialderako gertu izatea espero duela adierazi zuen Aramaioko alkateak; "prozesu luze samarra da. Parte hartze zabala lortu nahi dugu eta, hain zuzen, herritarrei eta udalbatzako beste bi alderdiei, EAJ eta EAri, deialdia egingo diegu datozen asteotan, ekarpenak egiteko aukera izan dezaten". Besteak beste, Diputaziotik jasotako diru sarrerek behera egin dutenez, aurrekontuak behera egingo duela aurreratu zuen Agirrek.

Oletako auzotarrak

Plan Orokorraren behin behineko onarpena dela eta, adostasuna nahiko zabala lortu dela esan zuen. Alegazioak epea zabalik dago orain eta gehienak kasu partikularrengan eragiten dietela aurreratu zuen alkateak; "Oletako herri gunea indartzea zen gure asmoa, baina Oletakoek dagoenetan mantentzea nahi dute eta auzotarren iritzia hartu beharko dugu kontuan". Bestalde, Plan Orokorrean aurreikusitako etxeak etxeak bi kokagune nagusi aurreikusten direla azaldu zuen, Andra Mari ingurua alde batetik eta kirolgune ondoko lursaila bestetik, "lekurik lauenak horiek direlako". Kiroldegia dela eta, berritze lanak egin ahal izateko, Arabako Diputazioarengandik ezezkoa jaso dute. "Kiroldegia baino frontoia da Aramaiokoa, zaharkitua geratu dena, besteak beste irisgarritasun neurriak betetzen ez dituelako. 800.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusten genituen landutako proiektuan eta Diputazioak diru laguntza ukatu egin digu. Proiektua mahai gainean dago eta saiatuko gara beste erakunde batzuekin aurrera eramaten".

Zaharren egoitza

Mendixolan zabalduko duten adin txikikoendako zentroarekin bereziki kritiko azaldu zen alkatea Goiena telebistako saioan; "Gure disgustorako Eusko Jaurlaritza dabil horretan eta baserri ederra zena espetxea bilakatuko dute. Herriarendako kalte nabaria izango dena ekarri digute, proiektua bukatzear dago-eta. Ez dugu nahi herrian kartzela txikia izaterik".

Javier Uribarren Alaiak elkarteko presidenteak telebista saioan zehar egindako galderari erantzunez, zaharren egoitza beharrezkoa dela aitortu zuen Agirrek; "zerbitzu on bat litzateke. Kirolgune eta eskolaren artean lursail bat gordeta dago horretarako, baina Arabako Diputazioa eta Eusko Jaurlaritza horren beharraz ohartzea falta da oraindik. Lehenbailehen aspaldiko egitasmo horri heldu nahi genioke". Era berean, erreka ondoan bidegorria egitea lehentasunezko proiektua dela adierazi zuen alkateak, "herriaren nahia hori delako aspalditik. Ingurugiro sailarekin harremanetan gaude hori gauzatzeko".

Itxitako errepidea

Itxitako errepidea aztergai izan zuten, nola ez, huraxe izan baita zoritxarreko albiste nagusia aurten; "itxiera gaizki egindako proiektu batetik etorri zen, AHT erokeria dela uste baitugu. Orain, errepidea atzera zabaltzeko lanak erritmo onean doaz eta horren jarraipena egiten ari gara. Hala ere, zaila ikusten dut Gabonak aurretik errepidea zabaltzea, Diputazioak agindu zuen arren".

Baserri Barri egitasmoaren gainean ere berba egin zuen alkateak Goiena Magazinea telebista saioan; "Orain arteko baserriaren ereduari eutsi nahi diogu egitasmo horrekin. Eredu jasangarria da, produkzio txikiak babesten dituena: ortu txikia, korta txikia, lanabes txikiak... Salmenta zuzena bultzatu nahi dugu eta horretarako kontsumo taldea sortzeko ahaleginetan ari gara".

Bestalde, Gasteizeko epaitegiak ezarritako zigorraren aurrean [zazpi urteko kargugabetzea AHTren gaineko herri inkesta egiteagatik] baikor azaldu zen Aramaioko alkatea; "hasierakoa ez da sententzia finkoa eta errekurtsoak aurrera egingo duela espero dugu, azken sententzia gure aldekoa izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak