Zuiako Koadrilak 'Euskararen gida' kaleratu du

Arritxu Barruso 2010ko urt. 19a, 19:02
Euskaraz bizi ahal izateko 'Euskararen gida' kaleratu berri du Zuiako Koadrilak. Bertan jasotzen dira, besteak beste, euskararekin lotuta ospakizunak, Zuiako Koadrilako euskara elkarteen inguruko informazioa, umeei euskaraz hitz egin ahal izateko gurasoendako hainbat aholku, udalek euskara ikasi ahal izateko ematen dituzten dirulaguntzen gaineko informazioa eta hiztegi txiki bat. Jarraian irakur dezakezue Zuiako Koadrilako euskara teknikari Manex Agirreri egindako elkarrizketa.

Zergatik Euskararen gida bat?

Zuiako Koadrilan euskal hiztunen kopuruak gora egin du, eta euskarazko baliabideen kopuruak ere bai. Baina, uste dugu baliabide horiek askotan ez direla topatzeko errazak , edo propaganda apur bat egin behar zaiela.

Euskal hiztunen kopuruak gora egin duela diozu. Daturik ematerik bai?

Dauzkagun datu ofizialak Eustatek 2006ean kaleratutako datuak dira. Zuiako Koadrila  osorik hartuta, euskara dakitenak %40 dira, eta euskalduntze prozesuan daudenak %20. Hori ezagutzari dagokiona. Erabilera, noski, baxuagoa da; Araban biztanleriaren %4 inguru eta Zuiako Koadrilan ere antzera; Aramaion eta Legution izan ezik, horietan erabilera altuagoa da.

Euskararen erabilpena sustatzea izango da gida honekin lortu nahi den beste helburuetako bat. Ezta?

Bai. Gida honetan baliabideen zerrenda bat egiten da eta tartean badaude euskalduntzeko bideak: euskaltegien helbideak, udalek euskara ikasteko eskaintzen dituzten dirulaguntzak, erabilpenerako aholku batzuk, abizenak euskalduntzeko aholkuak… Oso gauza txikiak dira baina, denak helburu bera lortzeko asmoarekin: euskaraz bizi ahal izatea. 


Euskarazko hedabideen zerrenda ere badago...

Bai. Horri gainera garrantzia asko eman nahi izan zaio. Argi dago komunikabideen presentzia gero eta handiagoa dela. Araban euskara hutsean lan egiten duten hedabideak gutxiengo bat dira baina, euren lekua daukate eta gero eta gehiago, gainera. Informazioa euskaraz jaso nahi duenak badu aukera hori eta gida honetan aukera horien berri ematen da.

Gurasoek seme-alabei euskaraz hitz egitearen garrantziaz ere ohartarazten duzue.

Argi daukagu euskararen normalkuntza epe luzerako lana dela eta belaunaldi asko pasatu beharko direla benetako normalkuntza horretara iristeko. Garrantzitsua da datozen belaunaldiekin lan egitea. Guretako oso garrantzitsua da hizkuntzaren transmisioa eta hori errazteko aholku batzuk ere sartu ditugu gurasoendako.

Non eskuratu daiteke gida?

Gidaren ale bana banatu dugu Zuiako Koadrilako etxebizitza guztietara. Bestalde, Zuiako Koadrilako webgunean gidaren pdf-a jarriko dugu, edozeinek deskargatzeko moduan; udal webguneetan ere badago eta Zuiako Koadrilan ere eskatu daiteke gida.

Euskararen gida - Zuiako koadrila

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak