Stoa enpresak proposatzen du 15 auzotatik 8 izendatzea landagune

Arritxu Barruso 2009ko urt. 19a, 12:05
Stoa enpresak Plan Orokorrerako bere proposamena aurkeztu dio Udalari eta herritarren eskura dago osoko bilkuren aretoan. Stoak egindakoa, baina, proposamena besterik ez da. Udalak erabaki beharko du-eta hori onartu ala ez. Horretarako herritarren iritziak kontuan hartuko dituztela adierazi du Udal Gobernuak.

Plan Orokorrak jakin-min handia eragin du herrian. Ez da gutxiagorako ere. Plan Orokorraren araberakoa izango da-eta datozen urteetako herriaren garapena hirigintzari eta antolamenduari dagokionean. Baina, dena dela, auzoetako bizilagunengan piztu du jakin-min handiena planak; izan ere, Plan Orokorrak zehaztuko du ze lur izendatuko diren landagune moduan (gune rurala) eta ze lur herrigune (gune urbanoa) moduan.

Herriguneak eta landaguneak

Stoa enpresak aurkeztutako proposamenak zenbait aldaketa planteatzen ditu lurren kalifikazioari dagokionean. Gaur egun 15 landagune daude Aramaion: Oleta Goikoa, Oleta Behekoa, Gantzaga, Etxaguen, Arriola, Arexola, Uribarri, Gureia, Altzaga, Azkoaga, Barajuen, Zabola, Untzilla, Suña eta Salgo. Stoak proposatzen du horietatik zortzi mantentzea landagune moduan: Gantzaga, Etxaguen, Arexola, Gureia, Azkoaga, Barajuen, Suña eta Untzilla. Zabola eta Oleta, berriz, herriguneak izango lirateke. Gainontzeko auzoak ez dira bi kalifikazio horietako batean ere sartzen.

 

Lurren eta auzoen kalifikazioak garrantzia handia dauka; izan ere, horrek zehaztuko du, besteak beste, etorkizunean zenbat etxebizitza, non eta ze motatakoak eraiki ahalko diren gune horietan. Landaguneetan etxebizitza oso gutxi eraiki daitezke, eta herriguneetan, berriz, etxebizitza gehiago eraiki daitezke. Bi kalifikazio horietatik kanpo gelditzen diren lurretan, bestetik, ezin izango da inolako etxebizitzarik egin, Plan Orokorra martxan dagoen urteetan, behitzat. Hau da, Arrixola, Uribarri, Altzaga eta Salgon ezin izango da etxebizitzarik eraiki.

Ibarra

Ibarrarako ere zenbait proiektu proposatzen ditu Stoak. Errepide berri bat egingo litzateke. Arbel pentsu biltegitik aterako litzateke eta Pedro Ignacio Barrutia kalearen ostetik Etxagueneko bidera aterako litzateke errepide berria. Horren helburua da herriaren erdigunean trafiko gutxiago egotea. Pedro Ignacio Barrutian eta eskola atzealdean, bestetik, etxebizitzak eraikiko lirateke. Ibargoiatik gorako bailaran ere babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza tasatuak eraikitzea planteatzen da.

Industriagunea ere kokatu du Stoak. Herriaren sarreran egongo litzateke, Salasan baserriaren parean. Gainera, industriagunetik oinezkoendako bide bat eraikitzea proposatzen da herriraino. Kiroldegiaren gunea handitzea ere aurreikusten du Stoak kirol gunea hor kokatzeko; eskolaren azalera ere hedatu egingo litzateke eta zaharren egoitza egitea ere jasotzen da Stoaren planean, Lurgorri pasealekuan hain justu. Udal Gobernuak azaldu du ados daudela Stoak Ibarrarako landu dituen proiektuekin eta azaldu dute kasu honetan eurak finkatutako ildoak errespetatu dituztela.

Aholku Kontseilua aurkezteko bilera irekia

Udal Gobernuak proiektua jaso bezain pronto adierazi zuen ez zetorrela bat euren helburuekin eta alegazioak egingo dizkiotela Stoak aurkeztutako lanari. Aldaketa horiek proposatzerako orduan herritarren iritzia jaso nahi dute. Asier Agirre alkateak adierazi du Plan Orokorreko Aholku Kontseilu bat eratzen dihardutela. Bertako kideak izango dira herriko sektore desberdinetako ordezkariak (gazteak, merkatariak, ingurugiro arloan lan egiten duten taldeak…), auzo alkateak, udaleko alderdi politikoetako ordezkariak, hirigintza batzordeburua eta alkatea. Kontseilu honek zuzenean jasoko ditu herritarren proposamenak eta berak aurkeztuko dizkio Stoa enpresari.

 

Aholku Kontseilu hori aurkezteko eta Plan Orokorraren gaineko informazioa emateko bilera irekia deitu du Udal Gobernuak, hilaren 24an 11:00etan. Gainera herritarrei azalduko diete Plan Orokorrari alegazioak aurkezteko jarraitu beharreko pausuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak