Sagardoa eta euskara batuta Txirritola Egunean

Edu Mendibil 2010ko ira. 12a, 21:52
Azken urteotako ohiturari jarraituz, udazkenaren atarian Txirritola Eguna ospatu zuten domekan Aramaion. Sagardoa izaten da protagonista nagusia eta jende dezente hurbildu zen herriko sagardogileen sagardoa dastatzera. Antolatzaileak pozik azaldu ziren jasotako erantzunarekin.

Goizean zerura begira ziren Aramaioko Txirritolako lagunak, euriak elkarteko jaia zapuztuko ote zuen beldurrez. Eguerdi partean, berriz, lainoak bai baina euririk ez. Ordurako Ehiztari Txiki elkartean eta kanpoaldean lanean ziren sukaldariak eta talogileak. Jendea gerturatzen hasi da poliki-poliki eta 12etan puntuan Xabier Herrarte Txirritolako presidenteak hartu du hitza. Aramaioko Bertso Eskolak egiten duen lana nabarmendu du. Izan ere, eskolaren 13. urteurrenean, haiei egokitu zaie txotx irekiera egitea. Urte borobila izan dute aurtengoa gainera, besteak beste, Aramaioko Koadrila arteko Txapelketa eskuratuta. Herrartek txirritola bat eman die oroigarri modura Xabi Igoa eta Peru Abarrategi ikasleei. Eta bertsoen ondoren, txotx irekiera egin dute gazteek. Igoak bertsoetako baten bota duenez, ahoan euskara eta sagardoa batuz, ez da kexarik, mingaina pozik delako.

Eta horixe frogatu ahal izan dute Aramaiora hurbildutakoek. Antolatzaileen arabera, beharbada, beste urte batzutan baino jende gutxiago batu da. Andra Mari Kofradiaren eguna ere bazen gaur, eta horrek jendea gutxituko zuen agian. Edozein modutan, Arrasateko jendea edo Aretxabaletakoa ere ikusi dugu Aramaion. Txirritolakoek bi eurotan saldu dituzte edalontziak eta nahi beste sagardo edateko aukera zegoen. Aramaioko 12 sagardogilek parte hartu dute Txirritola Egunean, eta basoa eskuan, bata eta bestearen arteko ezberdintasunen gainean jardun dute gazte eta nagusiek. Bazegoen non aukeratu. Umeendako henna tatuajeak eta ileapaindegi tailerra jarri dute Txirritolako arduradunek. Paulino Ibabek, Mikel Kortabarriak eta konpainiak sagardoa egiteko prozesua erakutsi dute eta sagar zukua eman diete txikienei probatzeko. Etorkizuneko sagardozaleak zaindu beharra dago. Ordu batak aldera batu da jende gehien; ilara luzeak taloa erosteko... Eta euskara eta sagardoa ahoan, giro alaian eman diote amaiera jaiari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak