Sabin Salaberri: "Eskerrik asko beste hitzik ez datorkit ezpainetara"

Goiatz Arana Begiristain 2008ko api. 21a, 11:26
Aramaioko kultura etxean egin zuten sari banaketa ekitaldia, atzo; Eusko Ikaskuntzak bere programan jasotako ekitaldiak aprobetxatu ohi ditu halakoetarako, baina Sabin Salaberrik tokia aukeratzeko ohorea izan du, eta ez du zalantzarik izan Aramaio hautatzerako orduan. Ekitaldira joandako guztiak hartzeko, txiki geratu zen kultura etxea: eserleku guztiak beteta, eta jendea zutik. Asier Agirre alkatea izan zen hitza hartzen lehena. Aramaiorentzat Sabin Salaberri herriko semea izatea ohore bat dela esan zuen, eta eskerrak eman zizkion egindako ibilbideagatik, bera moduko pertsonak egotea Euskal Herriko kulturarentzat oso garrantzitsua dela gaineratuz.

Manuel lekuona saria

Eusko Ikaskuntzak urtero ematen du Manuel Lekuona Saria, 1983an sortu zuenetik. Euskal kulturari egindako ekarpenagatik gizon-emakumeren bat saritzen du aldiro: Manuel Lekuona bera, Jorge Oteiza, Jean Aritschelhar, Gerardo Lopez de Gereñu eta Mikaela Portilla daude horien artean, eta zerrenda luze horri Sabin Salaberri Aramaioko organo jotzailearen izena gehitu zaio orain.

Atzoko sari banaketa ekitaldian hitza hartu zuen, nola ez, Eusko Ikaskuntzako presidente Xabier Retegik ere. "Sari bat bere sarituek egiten dute handi" esan zuen eta "Salaberriren izendapenarekin areagotu egiten da sari honen garrantzia". Aramaioko semea Eusko Ikaskuntzako bazkide ere bada, eta Retegik eskerrak eman zizkion eskakizun ororen aurrean erakutsi duen "jarrera eskuzabalagatik".

Lehen urratsak

Jose Mari Velez de Mendizabal Eusko Ikaskuntzako gerenteak egin zuen sarituaren bizitzaren errepasoa. Sabin Salaberri nerabea zeneko kontuekin ekin zion, Bittor Mendialdua, Anton Pol eta Rafa Molinarekin batera osatzen zuen lagun taldeari "lau mosketariak" deituz. 10 urte besterik ez zituztela, irakurri egiten zuten eta irakurketarekin, amets. Asmatzaile sena zuen Salaberrik, eta bere ideiak praktikara eramaten zituen.

Eliza-mutila zelako, Fidel Ibargutxi herriko apaiz-laguntzailearekin ikasi zituen musikaren gaineko lehen sekretuak; txiki-txikitatik izan zuen musikarako intuizioa. Aramaioko zenbait etxetan zituzten pianoez lagunduta, lagunentzako kontzertu koskorrak ematen zituela ere kontatu zuen Velez de Mendizabalek.

14 urterekin seminariora joan zen, etxean "abade noa" esanda: La Guardiara lehenik, Bizkaiko Gaztelu-Elexabeitiara gero, eta handik Gasteizera.

Apaiztu eta lanera

1960ko abuztuaren 14an apaiztu zen, eta biharamunean meza eman zuen Aramaion. "Orduko argazkiak ikusita, badirudi herri guztia joan zela jai hartara", esan zuen Eusko Ikaskuntzako gerenteak. Lehen lana Santa Agendako emakumeen zoro etxean egin zuen, kaperau gisa. Berehala deitu zuten, ordea, helburu handiagoetarako: Gasteizko seminarioko irakasle izendatu zuten. Anjel Sukia zen bertako erretorea eta Francisco Peralta, gotzaina, eta biak bihurtu ziren Salaberriren tormentu. Haustura bat baino gehiago jasan zituen aramaioarrak: 1965-1968 inguruan gizarte zibilean ematen ari zen iraultzaz oharturik, dikotomia sortu zen bere barrenean; erretoreak eta gotzainak debekatu egin zioten mezak euskaraz ematea eta elizkizunetarako euskal kantuak konposatzea, eta haiek esandakoaren kontrakoa eginez erantzun zien Salaberrik; eta1969an, Gasteizko katedral berriaren inaugurazioan kantatzeko agin du ziotenean, diktadore baten aurrean ez zuela abesbatza zuzenduko erantzun zien, Franco bertan egongo zela jakin zuenean. Gertakari horien ondotik atera zen elizaren egituratik.

1981ean, Gasteizko musika kontserbatorioko ikasketa-buru izendatu zuten, zentroko zuzendaria Karmelo Bernaola zen garaian. Sekulako lana egin zuten elkarrekin. 10 urteren buruan, Aramaiokoak hartu zuen zuzendaritza eta lankidetzak fruituak ematen jarraitu zuen: Bernaola-Salaberri Arabako musika binomio garrantzitsua izan zen urtetan. Egun, sortzen eta saritua izaten jarraitzen du.

Herriko abesbatzaren oparia

Bixente Goikoetxea abesbatzak espresuki Salaberrirentzat konposatutako kantua jo zuen atzoko saioan eta, hark sortutako abesti bat ere kantatu zuen, txistulari eta trikitilariekin batera. Saria bera -eskultura-, Arabako Ahaldun Nagusiaren eskutik jaso zuen Salaberrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak