Maiatzaren 29an Aramaion egingo du sarrera hitzaldia Patxi Uribarren euskaltzain berriak

Leire Kortabarria 2009ko abe. 1a, 16:24
Patxi Uribarren Leturiaga karmeldar aramaioarra euskaltzain oso izendatu zuen Euskaltzaindiak iaz, eta sarrera hitzaldirako badago data zehaztuta: maiatzaren 29an izango da, eta Aramaion egingo du hitzaldia. 11 urte zituenean alde egin zuen Aramaiotik, ikastera joateko, eta geroztik ez da han bizi izan, baina hartu-eman handia du jaioterriarekin.

Uribarren baserrian jaio zen Patxi Uribarren Leturiaga. Filosofia eta Letretan eta Teologian lizentziaduna da. 25 urtean Bizkaiko Foru Aldundiko itzultzaile ofiziala izan zen, baina beste lanbide batzuk ere izan ditu: besteak beste, irakaslea, idazlea eta artikulugilea izan da.

Euskaltzain oso izendatu zuten 2008ko irailaren 26an. Henrike Knörrek zuen tokia betetzen du. Euskaltzain urgazle zen 1971z gero, eta batez ere hiztegigintzan jardun izan du: besteak beste, Euskarazko hiztegia (1986-1990), Sinonimoen hiztegia (1988), Eskola hiztegia (1991), Europa hiztegia (1993) eta 3000 Hiztegia (1996) egin zituen lantaldean ibili zen, Bostak bat lantaldean, hain zuzen ere.

Lantalde horren azken fruitua da oraintsu plazaratu den Adorez 11 hiztegi elebiduna delakoa, eta lan horretako ikerlanaren koordinatzaile izan da Uribarren. Berak esan digunez, "euskara normalizatzeko lagungarri izan dadin" prestatu dute, eta erantzun ona izaten ari da. Durangoko azokan ere salgai izango da hiztegi hori, 45 eurotan. 1.556 orrialdetan, 103.468 sarrera, 147.784 adiera eta 98.928 adibide batzen ditu, 3000 Hiztegia-k baino gehiago; hala ere, hura baino erabilgarriagoa da, edukia handiagoa den arren, 126 orri gutxiago dituelako.

Patxi Uribarren Leturiagarekin elkarrizketa irakurtzeko aukera izango duzue abenduaren 4ko Goienkaria-n.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak