Lotsa eta haserrea, AHTren gaineko ekitaldia dela-eta

Ubane Madera 2007ko ots. 19a, 11:05
Joan den astelehenean, Aramaion izan ziren Jaurlaritzako ordezkariak Abiadura Handiko Trenaren gaineko azalpenak ematen. AHTren kontrako Aramaioko taldeak hainbat salaketa egin ditu ekitaldi horren harira.

Hala, batetik, salatu nahi dute 15 urtez egon direla proiektu horren gaineko informazioa eskuratu nahian, eta Jaurlaritzakoak Aramaion izan ziren arren, ez zutela "batere" informaziorik eman: "Ez omen dute Aramaioko azken trazaduraren proiekturik, ez dakite nondik pasako den beraien Abiadura Handiko Trena, ez dute erantzunik. Ez dute lotsarik". Zera ere gaineratu gura izan dute: "Galderak izan ziren nagusi, herritarren kezka bizia delako. Baina erantzun bakoitzaren aurrean ihes egiten saiatu ziren; beraien ardura onartu beharrean, Madrilen hau eta Madrilen hori esaka ibili ziren".

Polizia mordoa

Horrez gainera, egun  horretan Aramaio inguruan polizia ugari izan dela-eta, kexua helarazi nahi dute: "Barruan halako ikuskizun penagarria jasan genuen bitartean, kanpoan bestelakoa. Sarrera-irteeretan, guardia zibilaren kontrolak; plazan, kalez jantzitako polizia piloa; eta estrategikoki kokatuta, badaezpada, beltzez jantzitako ertzainen furgonetak".

Herri galdeketa

Bestalde, proiektu horren gaineko herri galdeketa antolatzen zebilen taldea apurtu egin den arren, AHTren kontrako taldeak argi du egin egingo dutela galdeketa: "Aramaioko herriak AHTren gainean erabakiko du, horrela nahi dutelako herritarrek, hori delako, hemen eta edozein lekutan, demokraziaren oinarria. Herri Kontsulta egingo dugu eta, Lakuako gobernuarena demokrazia balitz, herriaren erabakia errespetatuko lukete".

Bukatzeko, gogorarazi gura dute martitzenean, hilaren 21ean, tren horrek egingo duen kaltearen gaineko hitzaldia egingo dutela Aramaion. Iñaki Antiguedad geologoak eta EHNE sindikatuko kide batek egingo dute berba, 19:00etan, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak