Kalera atera eta oinez hasita, espero ez zenuen bazterretan kontalari bat aurkitzen zenuen. Batzuk instrumentuek, beste batzuk liburu batekin eskuetan...denetarik. Ipuin poteoa, ipuin kontsultorioak, ipin musikatuak, ipuin ezberdinak entzuteko aukera egon da. Entzuleak ere adin guztietakoak ziren: ipuin batzuk nagusiei zuzendutakoak ziren, eta beste batzuk haurrentzako. Baina azken horietan, gurasoek ere ederki parte hartu zuten eta barre mordoa bota.
Herri txikia da Aramaio, baina txikia izanagatik ez da gutxiago. Txoko ederrak ditu, erreka izkina adibidez, eta oso leku aproposak dira talde txikiei zuzendutako ipuinak kontatzeko. Herriko tabernak, jolaslekuak, erreka bazterrak eta arkupeak, ipuinak kontatzeko eszenatoki bihurtu ziren egun batez.
Ipuinak bakarrik ez, gaztetxoendako tailerrak ere egin zituzten. Txatxilipurdikoek karpa pare bat jarri, eta bertan aritu ziren gauza ezberdinak egiten. Umeak gustura, ipuinak entzun eta bien bitartean jolasteko aukera ere eduki zutelako.
Giro ederra zegoen kalean, nahiz eta eguraldiak askorik ez lagundu. zeru grisa zegoen goizaldean, eta aurreko gaueko euri zaparraden aztarnak. Eguerdi partera, berriro ere euria hasi zen. Baina aramaioarrek eguraldi txarrari aurpegi ona jarri eta belarriak tentu eduki zituzten ipuinak entzun eta kontaketetan parte hartzeko.
Goiza amaitzeko, Udaletxeko arkupetan parte hartutako kontalariek ipuin saioa egin zuten.
herritarrak kontalari
Goizean hasitako festak arratsaldean jarraitu zuen. 17:00etan hasita, Santa Ana baseliza, kanposantu zaharra, Zubiondo, Sastiña baseliza eta Udaletxearekin lotutako ipuinak kontatu zituzten. Elizako eskaileretan kontalariak txandako aritu ziren gero.
Eguna amaitzeko, ipuin afari herrikoia egin zuten. Antolatzaileek, kontalarien festa bakarrik ez, herritarrena izatea ere gura zuten. Aramaioko aspaldiko istorioak eta kondairak gogorarazi zituzten, beste ipuin askoren artean.
...eta hala ez bazan, sartu nadila kalabazan eta agertu nadila Aramaioko plazan.