Inoiz baino aramaioar gehiago Arabako Bertsolari Txapelketan

Arritxu Barruso 2009ko ots. 16a, 19:02
Arabako Bertsolari Txapelketa hastear da. Antolatzaileek aurten erakutsi nahi dute orain dela urte batzuek Araban botatako bertso-sustraiak errotu egin direla eta Arabako sustraiak berezkoak direla dagoeneko. Sustraiak errotuz da 2009ko Arabako Bertsolari Txapelketarako aukeratutako leloa. Baina, sustraietatik haratago, zuhaitzera ere begiratzen dute, "sustrai horietatik, gero, zuhaitz ederrak sortuko direlako, hitz neurtuen formakoak". Baina bertsolaritzak nonbait sustraiak errotuta baldin baditu, Aramaion da.

Aurten ere aramaioar bertsolari talde politak jardungo du lehian txapela lortzeko. Lau izango dira: Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Iker Agirre eta Xabier Igoa.
Baina aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketan aramaioarren presentzia ez da bertsolarietara mugatzen; inoiz baino indar gehiago izango dute aramaioarrek edizio honetan. Izan ere, Naia Bailezen irudimenetik sortu zen sustraiak errotzeko beharraren ideia; Bailezek egin ditu logotipoa eta baita leloa ere.


Baina, irudimena ez da guztia horrelako txapelketa bat antolatzeko koordinazioa eta antolamendua ezinbestekoa da. Bada, koordinatzaile lanetan ere aramaioar bat aurkitu dugu: Lierni Altuna. Lanpetuta ibili da azken asteotan, baina, zapatuan txapelketa aurkezteko egindako prentsaurrekoan erakutsi zuen lan bikaina egin duela eta guztia ondo lotuta dagoela dagoeneko.

Logotipoaren egilea badaukagu, koordinatzailea ere bai, baita bertsolariak ere. Baina nork ipiniko ditu txapelketako protagonistak kantuan? Ba, berriro ere, aramaioarrek; izan ere, Amaia Lopez de Bergarak, Idoia Beitiak eta Garazi Erizek gai-jartzaile lanetan jardungo dute. Beste era batera esanda, inoiz baino aramaioar gehiago izango dira aurten Arabako Bertsolari Txapelketan.

Laukote polita

Aramaioko lau bertsolariak txapelketara begira daude dagoneko, euren txanda iristeko zain. Manex Agirrek eta Andere Arriolabengoak aurtengoa Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartzen duten zazpigarren urtea da. Agirre finalera iritsi da guztietan, baina, ezin izan du txapelik eroan Aramaiora. "Txapela irabaztea ondo legoke, baina, nik urteroko helburua daukat: gustura sentitzea eta disfrutatzea". Dena dela, Manexek txapela lortuz gero, beharbada, bada bera baino gehiago poztuko denik: "Manexek txapela lortzeak izugarrizko ilusioa egingo lidake. Benetan uste dut merezi duela", esan digu Andere Arriolabengoak. Xabier Igoa, berriz, aurten estreinatuko da Arabako txapelketa. 17 urte besterik ez ditu baina bertsotan egiteko gai dena erakusteko gogoz dago.

Saioz saio

Manex Agirrek zapatuan Amurrion jokatuko den kanporaketan hartuko du parte; Arriolabengoak eta Igoak otsailaren 27an Oionen egingo denean eta Iker Agirrek otsailaren 28ko Zalduondoko kanporaketan. Txapelketaren lehen final aurrekoa Aramaion jokatuko da martxoaren 22an, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak