Emergentzietarako boluntario taldea osatzeko urratsak ematen dabiltza

Jon Berezibar 2008ko ots. 8a, 17:15
Bihar, zapatua, larrialdien aurrean zelan jokatu jakiteko ikastaro teorikoa egin behar zuten Aramaion. Udaletxean izan behar zuen, eledunendako, udal langileendako eta auzo alkateendako. Lauzpabost orduko ikastaroan, emergentzien aurrean zelan jokatu azaltzen dute. Hain zuzen, Jaurlaritzako larrialdien arreta eta zuzendaritzako taldekoek ematen dute ikastaroa.

Eguaztenean, baina, Jaurlaritzako arduradunek Udalera deitu zuten, esanez ikastaro teorikoa euskaraz ematea ezinezkoa zela, une honetan ez dutelako inor prestatuta horretarako.
Aramaioko alkate Asier Agirrek Jaurlaritzako arduradunei erantzun zien Aramaion ikastaro hori euskaraz egin gura dutela, eta norbait prestatuta dutenean berriro deitzeko.

Hilaren 23an, praktikoa

Baina, hilaren 23an, Gasteizko suhiltzaileek Aramaion eman beharreko ikastaro praktikoa ez dute kendu. Bigarren ikastaro hori, arlo teorikoa jasoko duten guztiendako izateaz gain, gura duten herritar guztiendako zabalik egongo da.  

Boluntario taldea herrian

Hasiera baten, Jaurlaritzako larrialdien arreta eta zuzendaritzako arduradunek Zuiako Koadrila osoarendako ikastaro bat egin gura zuten, baina Aramaioko Udalak eskaera zehatza egin zien udalerrian bat egiteko.

    "Aspalditik pentsatuta geneukan interesgarria zela Udaleko arduradunok eta interesa zuten herritarrok emergentzien aurrean zelan jokatu ikastea. Horren aurrean, emergentzietarako boluntario taldea osatzea pentsatu genuen; eta hau da ematen dugun lehenengo urratsa", azaldu zigun alkateak.

Suteen arriskua ekiditeko

Jaurlaritzako larrialdien arreta eta zuzendaritzako arduradunek ondo hartu zuten Aramaioko Udalaren eskaera, eta ikastaroak udalerri horren beharretara egokitzea erabaki zuten.  
Hain zuzen ere, Jaurlaritzak aramaioarrei zuzendutako bi ikastaro antolatzea erabaki zuen. Lehenengoan, atzera bota duten horretan, asmoa da batez ere suteen gainean zelan jokatu behar duten erakustea, baina, horrez gain, uholdeen eta gai arriskutsuen gainean arituko dira ikastaroa ematen duten egunean.

Boluntarioendako laguntzak

Bigarren ikastaroa, berriz, Gasteizko suhiltzaileek hilaren 23an emango dutena, praktikoa izango da, eta herritar guztiei zabalik egongo da. Datorren astean emango dugu horren gaineko azalpen gehiago.
Bestalde, Jaurlaritzako larrialdien arreta eta zuzendaritzako arduradunek jakinarazi dute boluntario taldeak osatzeko laguntza ugari ematen dituztela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak