Elkartasun jaialdia Oletako Obena baserriaren alde

Goiatz Arana Begiristain 2010ko eka. 21a, 11:36
Ia bi hilabete pasatu dira suak Aramaioko Oleta auzoko Obena baserria kiskalita utzi zuenetik, baina bertako bizilagunek ukituta jarraitzen dute oraindik. Eurentzako ezezagunak diren etxebizitza eta herri baten daude uneotan –pisu bat hartu dute alokairuan Otxandion–, baina oletarretatik inoiz baino gertuago sentitzen dira orain, nahiz eta Oletatik kanpo dauden.

Hunkituta hitz egin digu Meritxell Laguillo kaltetuak; etxekoez oroitzean, batez ere: "Sei lagun bizi gara etxean, 90 urteko amama eta 11 hilabeteko haur bat, tartean. Horiek sufritu dute gehien fisikoki, baina moralki gehien jasan dutenak nire gurasoak izan dira, bizitza osoan egindako lana galdu dutelako, 55 eta 56 urterekin".

Etxetik kanpo zegoen Meritxell ezbeharra gertatu zen egunean. Telefonoz jaso zuen abisua, baserritik kea ateratzen zela-eta. Une hartan amama bakarrik zegoen etxean eta hura etorri zitzaion  burura; bizilagunek onik atera zutela jakin zuenean, lasaitu ederra hartu zuen. Baina behin Oletara iritsitakoan aurkitu zuen panorama ez du berehalakoan ahaztuko: "Suhiltzaileek esan ziguten ez zegoela ezer egiterik eta, apurka-apurka, etxea nola jausten zen ikustea beste erremediorik ez zitzaigun geratu. Han egondako auzotar batzuek ateratzea lortu zuten ordenadore bat, haur-aulki altua eta lau jostailu hartu ahal izan genituen; ez besterik".

Auzokoak ere hunkituta

120 bat lagun bizi dira egun Oletan eta bertako bizilagunentzako ere gertatutakoa ez da trago gozoa izan. "Barruraino iritsi zitzaigun, eta iristen zaigu oraindik, baserri aurretik pasatzen garen bakoitzean. Mina sortzen digu", azaldu digu Jon Iñaki Isazelaia Oletako Kontzejuko idazkariak. Gertaera horren ondotik, buelta asko eman dizkiote buruari eta asko ikasi dute: "Zergatik gertatu zen, zer egin suhiltzaileak etorri bitartean, teknikoki zein arazo ditugun horrelako ingurune baten eta egurrezko egituradun etxeekin... gauza askori buruz hausnartu dugu". Ezbeharra gertatu zen egunetik bertatik hasita, astero batu da inguruko jendea.

Laguntzeko ekimenak

Oletako Kontzejuak eta Aramaioko Udalak bi kontu ireki dituzte: 3035-0161-23-1610007164, Euskadiko Kutxan; eta 2095-0057-50-9110593759, BBKn. Eta laguntza jaialdi bat antolatu dute, domekarako: eguerdian, herri kirolak izango dira baserri ondoan. "Askotan gauzak urruti geratzen zaizkigu; guk nahiago dugu jendeari baserria zein egoeratan geratu den erakutsi eta bere onera ekartzeak duen kostuaz kontzientziatzea", dio Jon Iñakik. Arratsaldean, erromeria izango da plazan; txosna jarriko dute toki bietan.

Kaltetuen esker hitzak

Baserria berriztatzeko aurrekontua beldurgarria dela eta, gutxienez, pare bat urte beharko dituztela kontatu digu Meritxellek, baina ez dutela etsiko: "Ingurukoen babesak ematen digu aurrera egiteko eta buruari tente eusteko indarra. Nola edo hala jasoko dugu baserria eta bertan biziko gara berriz. Eskerrik asko, denoi!".

Egitaraua

12:00etan, Obena ondoan
Herri Kirolak. Iparraldeko jokoak  –Ingude altxatzen, lasto altxatzen, trontzan eta harri jasotzen–:

  • Jose Lapazaran
  • Jose Martin Bustintza
  • Jose Mari Atutxa
  • Ibon Irazola

Segalariak Txanda librean:

  • Mikel Aranalde
  • Iker Etxebarria
  • Jose Lizaso
  • Jon Lapazaran

"Zelailuze" harri-jasotzailea

18:00etan, Oletako plazan
Erromeria –Xabi eta Unai taldearekin–

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak