AHTren gaineko herri kontsulta antolatzen zebilen taldea apurtu egin da

Ubane Madera 2007ko ots. 8a, 17:14
Herri kontsulta antolatzeko moduak eragin du taldekideen artean desadostasuna. Taldea zegoen osatuta EAJ, EA eta AHT Gelditu Elkarlaneko bina ordezkarirekin.

Herri galdeketa dela-eta Abiadura Handiko Trena Gelditu Elkarlanekoek gogorarazi dute udalbatzak puntu hau onartu zuela: "Aramaioko Udalak bitarteko guztiak ipiniko ditu herri kontsulta ahalik eta parte hartzaileena izan dadin, informazioa eta eztabaida bultzatuz eta herri kontsultaren antolaketan herritarrak inplikatuz. Horregatik proposatu zuten Ibarran mahai bat ipintzea goiz eta arratsaldez. Eta elizateetan ere goizean bi ordutan mahaiak ipintzea, auzo alkateekin egonda geunden, guztiak zeuden ados eta gainera oso ondo iruditu zitzaien. Guk gura genuen ahalik eta partaidetza handiena lortzea".


Gehiengo kontua
Baina gainerakoek (EAJ eta EA) ez dute onartu proposamena. Haiek gura dute bozketa egin beste edozein hauteskundetan moduan: mahaiak Ibarran bakarrik ipinita: "Proposamen hori bozkatu genuen eta aldeko lau boto eta kontrako bi izan zituen. Beraz, gehiengoa lortu zuen. Baina  gainerako bi taldekideek ez zuten onartu hori, eta horixe da, hain justu, salatzekoa: gehiengoa onartu nahi ez izatea", dio alkateak. 

Herri batzarra
Egoera hori dela eta, herri batzarra deitu dute AHT Gelditu Elkarlanekoek, "erabakitzeko zer egin behar dugun herri kontsultarekin. Batez ere dei egiten diegu herri kontsulta bultzatzearen alde sinatu zutenei", baina interesa duen edozeinek parte har dezakeela gaineratu dute.

Batzar hori izango da eguaztenean, hilaren 14an, kultura etxean, 19:00etan .

Mendi irteera
Abiadura handiko trenaren harira, datozen asteotan hitzorduak egin dituzte Aramaion. Batetik, domekan, hilaren 11n mendi irteera egingo dute, AHTk Aramaion egiten duen ibilbidea ezagutarazteko. 09:30ean aterako dira oinez doazenak; 10:00etan, berriz, Untzillara autoz doazenak.

Jaurlaritzakoak Aramaion

Bestetik, astelehenean etorriko dira Arantza Tapia, Garraio Eta Herrilan sailburuordea; Mirari Arruabarrena, Garraio Azpiegituren zuzendaria; eta teknikari bat, AHTren gaineko argibideak ematera. 18:30ean, osoko bilkuren aretoan.

Kalteen gaineko hitzaldia
Azkenik, otsailaren 21ean, kultura etxean, 19:00etan, Iñaki Antiguedad geologo eta hidrologoak eta EHNEko kide batek trenak ekarriko dituen ondorio kaltegarrien gaineko hitzaldia egingo dute.









ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak