150 lagun AHTren aurkako kanpaldian

Larraitz Zeberio Lekuona 2007ko abu. 2a, 11:30
AHTren aurkako kanpaldia egiten dihardute egunotan Aramaion. Antolatzaileen esanetan 150 lagunetik gora daude egunotan kanpaldian. Asteburuan, baina, 200 lagunetik gora egon direla kalkulatzen dute. Honakoa egiten duten 12. kanpaldia da. Aurtengo leloa, ‘Denon artean geldituko dugu’.


Uztailaren 27an eman zioten hasiera kanpaldiari eta abuztuaren 5era arte luzatuko da. Hitzaldiak, mendi irteera, eztabaidak eta tailerrak egiten dituzte egunero. Jorratu dituzten gaien artean daude besteak beste uraren negozioa, eremu elektromagnetikoak eta osasuna, kapitalismoaren eragin psikologikoak eta energia berriztagarrien iruzurra. Egunero, gainera, asanblada egiten dute AHTren aurkako borrokan zein jokabide landu, informazioa nola zabaldu eta ideia eraginkorrenak topatzeko. Guztia, helburu batekin, aurrerantzean AHTren kontrako borrokari nola heldu definitu eta auto-organizazio politikoan sakontzeko. "Kanpaldia oso partehartzailea da", azaldu du AHTren aurkako asanbladako kide Paulino Huartek. "Bertan egiten diren ekintza guztiak denon artean antolatzen ditugu. Egitarautik hasi eta gauza arruntenetaraino, esaterako, bazkaria gertatu edo garbiketa lanak egin".


Egoera larria
Egoera larria dela salatu dute AHTren aurkako asanbladatik. Informazioa zabaltzen jarraitzea da euren lehenengo helburua, informazioa ahalik eta zuzenena. Bultzatzen duten borroka moldea desobedientzia zibilarena da, ekintza zuzen eta baketsuen bitartez. AHTren aurka daude, baita horrelako proiektuen atzean dagoen gizarte ereduaren aurka ere. "Ez gaude soilik AHTren aurka", esan du asanbladako kide Hilario Manzanedok. "Horrelako proiektuen atzean gizarte eredu konkretu bat dago. Kapitalismoa".

Desjabetzeak abuztuan
Proiektua bera salatzeaz gain, gainera, administrazioaren formak ere salatzen dituzte. "Eskoriatza eta Aramaiora iritsi dira desjabetze-aktak. Abuztua da eta 15 egun eman dizkiete alegazioak egiteko. Abuztuan!", salatu du Manzanedok. "Ez da lehenengo aldia. Horrek erakusten du administrazioaren jokatzeko modu zikina".
Hala, asteon ekintza sinbolikoa egin dute Legution. Trenaren lanak egiten diharduten bi enpresaren bulegoetara jo dute eta 10 minutuz okupatu dituzte. Gasteizko jaietara ere eramango dute euren protesta. Kalejira egingo dute Arabako hiriburuan.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak