Garoñako zentral nuklearraren aurkako mozioa, osoko bilkuran

Ubane Madera 2004ko abe. 3a, 12:52
Bestelako gaien artean, emakumeen aurkako indarkeria, hAMAlauren eta EAJ-EAren idatzi bana eta Garoñako zentral nuklearraren kontrako mozioa landu zituzten zinegotziek eguazteneko batzarrean.

Alkatearen zenbait dekretu eta argibide, hirigintzako hiru gai eta bestelako beste bi landu ostean, udalbatzarrari aurkeztu zizkioten mozio eta idatziak aztertu zituzten zinegotziek.

hAMAlau eta EAJ-EA

Idatzi baten bitartez, emakumeek jasaten duten indarkeria salatzea izan zen udalbatzarraren asmoa.Eta beste bi idatziak politikoak ziren: hAMAlauk eta EAJ-EAk aurkeztutakoak. Hala, hAMAlauren idatziaren bitartez, oro har, partiduen legea dela eta hAMAlau jasaten dabilen apartheid politikoa salatu zuten; gaineratu zuten egoera horri buelta emateko aukera badagoela, EAJren, EAren, EBren eta Aralarren aldetik borondate politikorik egonez gero; eta herritarrek emandako botoen arabera udaletxean dagozkien jarlekuak bueltatzeko ere eskatu zuen hAMAlauk.

Idatzi horri erantzuteko, EAJ-EAk beste bat aurkeztu zuen. Oro har, partiduen legea salatu ostean, zioen udalerrian talde guztiendako partaidetzarako bideak ahalbidetzen jarraituko dutela; eta “Udalean lan egiten eta konfiantza eurengan duten hiritarrak ordezkatzen jarraituko dutela”.

Zentral nuklearrarekiko kezka

Bukatzeko, mozioan, Arabako 41 talde politiko, sindikal eta kulturalekin bat eginez, Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatu zuen Aramaioko udal gobernuak aho batez. Itxiera hori berme guztiekin egin dadin segurtasun neurriak hartzeko eskatu zuen. Eta onartu zuten, era berean, Udalak ahal dela energia garbien eta berriztagarrien aldeko apustua egitea. Mozio bera Arabako udalerri guztietara zabaldu dute. Izan ere, arabar askok azaldu dute Garoñako zentralarekiko kezka.

Garoñako zentrala 1995ean zen ixtekoa. Hala ere, 2009ra arte lanean jarduteko baimena eman diote. Kontua da zenbait ikerketen arabera, zentrala arriskutsu bilakatzen duen pitzadurak dituela. Horrez gainera, zenbait medikuk egindako ikerketek erakutsi dute minbiziarekin lotutako gaixotasunek gora egin dutela Garoña inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak