San Martin eskolako lanen bigarren zatia bukatzear

Ubane Madera 2003ko aza. 26a, 16:45
Aspaldian lanak egiten dabiltza San Martin eskolan. Hain zuzen ere, eskolak behar dituen konponketak-eta egiten dabiltza. Hiru zatitan banatu dute eskolarako proiektu osoa. Eta jakinarazi digutenez, dagoeneko bigarren zatiari dagozkion lanak bukatzear daude.

Aldatzeko beharra zuten leihoak eta ateak aldatu dituzte bigarren zatian. Horrekin batera, informatika gela bat egokitzen dabiltza. Besteak beste, gela margotzea falta zaie guztia bukatzeko.

Informatika gela bikoitza

Behin lanak bukatuta, orain artekoarekin konparatuz, informatika gela bi bider handiagoa izango da. Izan ere, Jaurlaritzaren Premia Plana izeneko programaren bitartez, konponketak egin ostean, besteak beste, zazpi ordenadore berri izango dituzte.

Horrez gainera, eskolaren sarreretako baten, zailtasunak dituztenendako arrapala ipini dute. Horren lanak bukatu barik daude, eskudela ipintzea falta da, esaterako.

Eta, horrekin guztiarekin batera, eskolan egiteko zeuden bestelako lan txikiak ere egin dituzte: itoginak konpondu eta eskailerako eskudel osoa egokitu, adibidez. Eskudelaren kasuan, umeendako arriskutsu samar zegoen, tarte zabalegiak zeuzkan eskaileraren eta barandaren artean. Hori konpontzeko aldatu dute eskudela, orain tarteak estalita daude.

Hirugarren zatia

Behin esandako lan guztiak bukatu ostean, proiektuaren hirugarren zatiarekin hasiko dira. Hiru lan handi egingo dituzte zati horretan:

  • Igogailua ipiniko dute, zailtasunak-eta dituztenendako.
  • Jangelako sabaia jaitsi egingo dute. Kontua da jangelan zarata handia egoten dela, hala, sabaia jaisten badute, apur bat isolatu egingo dute gela hori.
  • Eskolan komun gutxi daude eta daudenak txikiak dira. Gabezia hori ere konponduko dute.

Bihotzerako gosari osasuntsuak

Lanak alde batera utzita, baina eskolatik alde egin barik, hilaren 25ean, asteartean gosari berezia izan zuten ikasleek: fruta, urdaiazpiko egosia, oliba –olioa, esnea, Cola-Cao-a, eta ogia.

Itxura ederra izateaz gain, jaki horiek osasunerako ezin hobeak direla ikasi zuten, Gasteizko San Jose klinikakoei esker. Izan ere, zenbait elkartek abiarazitako ekimen baten bitartez, umeak hezi gura dituzte modu osasuntsuan jan dezaten.

Lau urte funtzionamenduan

Hala, eskolarik eskola ibiltzen dira gosari osasuntsu bat zer den erakusten. Orain dela lau urte abiarazi zuen ekimen hori Bihotz Bizi izeneko elkarteak.

Gipuzkoan hasi ziren. Apurka-apurka elkarte gehiagok bat egin dute ekimenarekin (Eroskik, San Jose klinikak…). Eta aurten aurreneko aldiz Araban ere dabiltza lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak