Miren Aginagalde, urte askoan herriko bordatzailea

U. Madera eta A. Leibar 2003ko aza. 14a, 13:05
Askorendako ezaguna egingo zaizue Miren Aginagalde, gure elkarrizketa-laguna; are gehiago, zuetako askok Mirenek egindako lanak izango dituzte gordeta etxean. Izan ere, Miren Aginagalde Txorokonekoa izan da urte askoan Aramaion bordatuak egiten zituena. Gaur egun 85 urte ditu; eta oraindik ere egiten ditu halakoak, etxekoendako besterik ez bada ere.

Zer bordatzen zenuen?

Denetik. Adibidez, gerra denboran, hemen Mondragoeko batailoi bat egon zen: Dragoiak. Milizianoendako anagramak bordatzen nituen: Batallon de Dragones ipintzen zuen eta dragoi baten marrazkia zeraman. Elizoste tabernako Mirenek ematen zizkidan lan horiek. Horrez gainera, ohe-jokoak, mahairako zapiak… Euskal dantzak egiten zituen dantza taldearendako bandera bordatu nuen; aguazilaren txapelarendako herriko armarria…

Herriko bordatzailea zinen?

Bai, halako zerbait. Ezkontzen ziren bikoteendako apaingailuak ere bordatzen nituen… Nire ogi-beharra zen. Horrek denak eskuz egiten nituen; eta gero, lan asko eskuz ezin nuenez egin, Gasteizen makinaz bordatzen ikasi nuen. Adibidez, umeen eskolarako amantaletan inizialak makinaz egiten nituen.

Zeinek erakutsi zizun?

Eskolan asko erakutsi ziguten; Geografian horrenbeste erakutsi izan baligute… Gero, poliki-poliki nire kontura hasi nintzen.

Bakarrik egiten zenuen lan?

Bai, neuk bakarrik, neure etxean.

Zenbat urtean ibili zara?

Hirurogeita zortzi urterekin-edo utzi nuen, baina, ordura arte, lanean ibili nintzen.

Oraindik egiten duzu zerbait?

Bai. Baina, asko ez. Orain gehiago traputxoak-eta egiten ditut. Denbora pasatzeko.

Erakutsi diozu norbaiti bordatzen zure ondorengo izateko?

Loba nagusiak badaki, asko, gainera; eta beste lobak ere zerbait badaki.

Horrenbeste urtean horrenbeste lan egin ostean, baduzu buruan bereziki gustatu zitzaizun lanen bat?

Bai. Elizan aldare bat zaintzen nuen. Aste Santuan prozesioan ateratzen genuen irudia, Pietatea. Hark, gurutzetik zintzilik, izara dauka. Harendako oso lan polita egin nuen, den-dena eskuz eginda. Ordu mordoa eman nituen hura egiten, beti ere, nire lan orduetatik kanpo. Akordatzen naiz, zelan ordezkatze lana egiten zegoen maistra bat nire etxean egon zen apopilo, eta hark esaten zidan: "Ene, ¿cuándo vas a terminar eso?".

Bestela, lan berezien artean, lehen esandakoak dauzkat buruan: milizianoen txapelak… Ah! Eta, Aramaioko Pilota Txapelketararako txapeldunen txapelak ere bordatu nituen. Baina, bereziki, dantza taldeari egindako bandera daukat gogoan.

Sekula eraman izan duzu lehiaketetara zeuk egindako lanik?

Behin Pietatearen trapua eraman nuen, eta akordatzen naiz oso lore-ontzi polita erregalatu zidatela, irabazle izatearren.

Jendeak estimatzen du egiten duzuna?

Ez ezazu pentsa jende guztiak estimatzen duela, ez. Batzuk bai, baina beste askok ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak