Landatxope jubilatu elkarteko kideek hileko azken ostegunean egiten duten tertuliarako gaia proposatu zieten bertsolaritza maite duten hiru herrikideri: Antzuolan bertsoak izan duen garrantziari eta bilakaerari buruzko saioa egitea. "Gaia modu librean lantzeko eskaera egin ziguten, eta hainbat iturritara jo dugu; idatzizkoetara, ahozko lekukotasunetara eta gogoratzen ditugun datuetara. Behin horiek bilduta, kronologikoki eta gaika egituratu ditugu", azaldu du Jon Mata bertsolariak.
Nabarmendu direnak
Maria Eugenia Irazabalek eta Jexux Kortabarria Kaxeta-k euren memorian eta etxean gordeta dauzkaten dokumentuetan –esaterako, Kruz Azkarateren Ondorengoek jakin dezaten liburuan– arakatu dituzte joan den mendeko kontuak. Jon Matak, Kaleko bertso-eskolako kidea izanik, mende honetakoak dauzka fresko. Hiruren artean gai izan dira Antzuolak eman duen bertsolari nabarmenenak izendatzeko, baita plazan hainbesteko protagonismorik izan ez dutenez akordatzeko ere. Lehen belaunaldikoak jotzen dituzte Kruz Azkarate bera, Kaxiano Ibarguren, Joxe Mari Gabilondo Bekoerrota, Pedro Eguren Jauregi, Bitoriano Barrena Altamira eta Jose Jabier Sansebastian Sanse. Haien ondorengoak dira Meltxor Legorburu, Kaxeta, Jesus Mari Araiztegi Akiño, Aitzol Iturbe eta Jon Mata.
Gizonezko horiek sariketetan txukun aritzeagatik ekarri dituzte, baina emakumeak ere presente dauzkate: "Esaterako, Maria Eugenia Irazabal, Axun Zabalo, Pilar Etxaniz eta Pantxike Arin, eskolan bertsoarekiko zaletasuna transmititzeagatik; Izarra Gezalaga eta Izaro Lizarralde, eskolartekoan aritzeagatik, eta Susana Morcillo, Janire Iparragirre eta Jone Lete, Idolazen txapelketan parte hartzeagatik", esan du Jon Matak; eta gaineratu du aipamen berezia merezi duela Tomasa Lizarraldek, "1982an bertsolari zaharrei egin zieten omenaldiko emakume bakarra izateagatik".

Pello Errotatik, 'Bekoerrota'-ra
Eskuratu duten aztarnarik zaharrena 1883koa da. Urte hartan kantatu zuen Asteasuko Pello Errotak Herriko Plazan zegoen ostatuan Kolera eta champanan gañian jarriak izeneko bertso-sorta. "Ez da jakina nork idatzi zuen paperean, baina dokumentua orduko grafiarekin daukagu jasota. Garaiko kontuak uztartu zituen Pello Errotak. Bergarako zezen-plazatik zezenek ihes egin zutela, kolera gaixotasunaren inguruan prentsan aipatzen ziren hildako kopurua faltsua zela... eta halakoak", dio Kaxeta-k.
Txapelketei dagokienez, 1960ra arte itxaron behar izan zuten antzuolarrek herriko lehen sariketa antolatzeko. Kaxianok jantzi zuen txapela; izan ere, soinu-jole eta abeslari itsu famatuak bazuen bertsotarako abilezia ere. Haren pareko maila erakutsi zuen Joxe Mari Gabilondo Bekoerrota-k, sariketa hura hurrengo urtean irabazteaz gain, 1964an eskualdekoa ere irabazi baitzuen. Gainera, hirukoteak badu haren gaineko pasadizoen berri: "Kutxa Fundazioari gutuna bidali zion 1977an, erakundeak antolatzen zituen udalekuetan euskararen presentziarekin kezkatuta. Bukaeran, honako bertso hau idatzi zuen: Konturatu zaitezte gastien jolasan / queremos ser vascos bakarrik es ezan / Guipuzkoak beardu euskalduna izan / Ortarako jokatu Euzkadiko gizan".
KRUZ AZKARATE: ORDEZKO BEZALA JOAN, ETA IRABAZI

Hirukoteak gustura kontatu zuen Kruz Azkaratek 1969an Zumarragako Galeperra elkartean bizi izandako pasadizoa. Campo Viejo bezala da ezaguna gertaera: "Garai hartan, inguruan zegoen bertso-txapelketa garrantzitsuena jokatzen zuten Galeperran. Antzuolatik Joxe Mari Gabilondo zegoen izendatuta kantatzeko, eta entzule eta botilero gisa Julian Lizarralde eta Kruz Azkarate joan ziren harekin. Gabilondo urduri zegoenez, Zumarragako Mardo tabernan Campo Viejo ardo-botila bat eskatu eta bertsotan aritu ziren, Gabilondo berotu zedin. Galeperrara iristean, antolatzaileak jakinarazi zien sei bertsolari parte-hartzaileetatik batek ezin zuela etorri. Kruzek falta zen lekua ea bete zezakeen galdetu zuen, eta, baiezko erantzuna jasota, Azarola, Agirre, Igarzabal, Goiburu eta Gabilondorekin partekatu zuen oholtza. Eta ez hori bakarrik; azkenerako, txapelketako irabazle izendatu zuten", azaldu du Kaxeta-k.
Koadernoetan bertsoak idaztea zuen gustuko Kruz Azkaratek, eta 2009an, haren biloba Belen Azkaratek liburuan bildu zituen horietako asko, Ondorengoek jakin dezaten tituluarekin.
Egañaren lesioa
Herriko txapelketak 1981ean egin zituen azkenak, baina, gerora, bestelako ekimenak jarri zituzten martxan Antzuolako bertsozaleek. Meltxor Legorburuk, Patxi Letek, Angel Mari Deltesok eta Joxe Supidek bertsolarien eta bertsozaleen arteko futbol partiduak sustatu zituzten Eztalako hareazko kantxan. Urtero egin zuten topaketa hura, Antzuolako jaietan, 1986tik 2007ra artean, arratsaldeko kirol-hitzordua gauerako parranda-aitzakia bihurtuta.
Bertsolari aldizkariko erredaktore Arritxu Iribarrek erreportaje polita eskaini zion juntadizo hari 1991ko irailean. 30 urteko Andoni Egañak orkatila bihurritu zuen berotze-ariketak egiten, eta Arrasateko anbulatoriora eraman zuten anbulantzian. Sendagileak igeltsua jarri, eta buelta Antzuolara. Ordurako mundu guztia enteratuta zegoen baina hari ez zion askorik inporta izan, Iribarren esanetan, "plazagizona zelako". Eta, noski, afalorduko bertso-gaietako bat zarauztarraren lesioa izan zen.

Eragina haurrengan
Serioago hartzen zuten bertsoak inguratzen zuena Antzuolako herri eskolan. Maria Eugenia Irazabal 1972an hasi zen irakasle-lanetan, eta, Eskoriatzako Almen ikastolak urratutako bideari jarraituz, Antzuolako haurrek ere jaso zuten bertsoaren oinarrizko ezagutza: "Eskolak bere aletxoa jarri du, adibidez, agurretan eta jaietan; beti izan du bertsoak bere lekua".
Azpimarratzekoa iruditzen zaio DBHra igarotzeko unean irakasleek ikasleei egin izan dieten agurra. "Neska-mutil bakoitzari bertso bat egiten genion; batez ere, haren gauza onak goraipatuta. Orla moduko bat osatzen dute urtero, guztien argazkiekin eta bertsoekin. Eskolan hogeitik gora daude", esan du. Gaur egun bertso horiek hamabostean behin eskolara etortzen diren bertsolariek egiten dituztela adierazi du: "Oso dotoreak dira, baina, tira, gureak ere dotoreak ziren".
Bertso-eskolen bilakaera
Eskolaz kanpoko jarduerek ere berebiziko pisua izan dute Antzuolako gazteengan. Hainbat garaitan egon dira bertso-eskolak martxan: 1980tik 1982ra, Kaxeta-k hartu zuen irakasle rola, mutil batzuekin; 1994 eta 1995 artean, bertso-bilkurak egin zituzten gaztetxean, Joxue Madariagak gidatuta; 2005-2006ko ikasturtean, Ainhoa Agirreazaldegik eman zuen ikastaroa eskolan; eta 2007an, Iñaki Gurrutxagak hartu zuen bertso-eskolako irakasle izateko ardura.
2011n, Sasibertsolarixa izena zeraman bertso-eskolako kideek lorpen polita eskuratu zuten, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako –G puntua– sintoniari hitzak jartzeko lehiaketa irabazita. "Hilabete haietan sendo zegoen taldea, herriko bertso-jardueretan aktiboki parte hartzen. Besteak beste, San Isidro jaietako bertso-saioa antolatzen lagundu zuten taldekideek; bertsolariak bilatu, eta gaiak prestatu zituzten", esan du Matak.
COVID-19 GARAIKO LEHEN SAIOA

Antzuolak badu bertsolaritzaren historiara pasako den mugarri bat: bertan egin zen COVID-19 garaiko lehen bertso-saioa, egoera oso berezian, testuinguruak hala behartuta. Trikitilariek girotutako kalejiran kantatu zuten, udal erremolkearen gainean, auzoz auzo, luxuzko hiru gonbidatuk: Maialen Lujanbiok, Miren Amurizak eta Beñat Gaztelumendik. 2020ko maiatzaren 30a zen, konfinamendua ehuneko ehunean altxa barik zegoen, eta antzuolar gehienek etxeko balkoitik jarraitu behar izan zuten hiru bertsolarien haria. Hirukoteak udaletxeko balkoitik ere erantzun zien Beñardo Kortabarria alkateak jarritako gaiei, plazan hainbat metrotako distantziara eserita zegoen publikoa adi zutela; denak maskara soinean, noski.
Osasuntsu dago bertsoa
Urte haien ostean hutsune antzeko bat egon zen, 2022an Kaleko bertso-eskola sortuta bete zena. Dozena bat lagun baino gehiago elkartzen dira ordutik, trebatzeko eta ondo pasatzeko helburuarekin. Aurten, hainbat ekitalditan parte hartu dute. Adibidez, bertso-eskolako kideek Egañari desafioa egin zioten Olalde elkartean, eta udaberrian Gipuzkoako taldekako txapelketan aritu ziren.
Azaroan arazoak taldekako txapelketa antolatzera ere animatu ziren 2024an, Urretxuko Martxoan bertsoan ekimenean bizi izandakoa gustatu eta gero. Joan den ostiralean jokatu zuten hirugarren edizioa, gaztetxean, eta lepo bete zen aretoa hamar partaidez osatutako hiru talderen arteko lehia ikusteko.