Antzuolako alkate Olatz Lezetak iragarri du ez dela EH Bilduren alkategai izango 2027ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetan. Lau urteko agintaldia beteko du Lezetak, 2023ko udal hauteskundeetan EH Bildu zerrenda bozkatuena izan eta gero. "Pozik eta harro nago azken lau urte hauetan egindako ibilbideaz, bizitako esperientziaz eta alboan izan dudan taldeaz. Etapa hau amaitu arren, modu batean edo bestean, nire aletxoa jartzen jarraituko dut", esan du sare sozialen bidez zabaldutako mezuan.
Era berean, agur bideoa erabili du eskerrak emateko. "Eskerrik asko, bihotzez, urte hauetan modu batean edo bestean alboan izan zareten guztioi. Zuen babesa, konfiantza eta laguntza ezinbestekoak izan dira bide honetan", azpimarratu du.
Koalizioak azaroaren 19an aurkeztuko du Antzuolarako EH Bilduren alkategai berria.