Nepal, bidaia partekatu bat izenburuko solasaldia egin zuten asteartean Olaranen, Iñigo eta Julian Ramirez de Okariz aita-semeek gidatuta. Arrola Mendizale Taldeak egunotan antolatu duen Mendi Astearen hitzordu horrek dezenteko jakinmina piztu zuen herritarren artean, aretoa bete egin zela kontuan hartuta.
Munduko mendikate altuenera joatearen ideia Julianena izan zen, "urteak" baitzeramatzan paraje haietara joan guran. Une pertsonal egokian harrapatzen zuela iritzita, bere kasa hasi zen bidaia antolatzen maiatzean, eta hilabetera aitak harekin joateko "baimena" eskatu zion, baita semeak onartu ere, "hainbat egunetako mendi-ibilaldiak elkarrekin egiten ondo moldatu izan garelako aurrez ere".
Hala, hamalau egunean 144 kilometroko bi ibilbide zirkular –3.000 eta 5.500 metro arteko altueran– burutzeko asmoz abiatu ziren irail bukaeran Nepalgo Lukla herriko aireportura, Txinan eskala eginez. Lurreratze goxoa eta garbia izan zutela nabarmendu zuen Julianek, "munduko aireportu arriskutsuenetakoa" zela jakitun. Itzulerako aireratzean frogatu zuten, turbulentziak eta laino ilunak tarteko, zergatik zeukan izendapen hori. Txanponaren bi aldeak ez zituzten hegazkin barruan bakarrik bizi izan, gazitik eta gozotik probatu baitzuten zeharkaldian ere, kapritxosoak baitira muturreko naturguneak.
Everest, begi bistan
Luklatik Everest inguruko trekking-en erreferentziazko gunea den Namche Bazarrerako bidea hartu zuten, mendiko gida batek eta zamaketari batzuek lagunduta. Zubi tibetarrez eta herrixka bakanez osatutako bailarak zeharkatzen zebiltzala hasi ziren ohartzen zamaketarien merituaz: "Gazte txiki eta indartsu horiek 40 kiloko zamak garraiatzen dituzte bizkarrean. Han ez baitago ibilgailuentzako errepiderik, beraz, pertsonek eta animaliek –jakek, astoek, ardiek...– garraiatu behar dituzte hornigaiak", dio Iñigok.
Namche Bazarretik Everesteko kanpaleku baserako joan-etorria egin zuten, tartean Gorakshepen lo eginaz, 5.000 metro inguruko altueran dagoen Nepalgo herririk altuenean. "Everest bertatik bertara ikusten genuen handik, Alpeetako beste edozein tontor izango balitz bezala", aipatu du Julianek.
Halaxe bukatu zuten lehen espedizioa, eta Katmandu hirira abiatu ziren Luklatik hegazkinez, bigarrena jomugan: Sagarmatha natur-parkeko Gokyo herrixkako aintzirak. Orduan hasi zen Iñigo behar baino larriago sentitzen: "Egunez ondo ibiltzen nintzen, baina gaua iristean, oso gaizki egiten nuen lo, edo batere ez. Horri gehitu hotz ikaragarria egiten zuela aterpetxeetan... Osasun etxe batean esan zidaten altueretako gaitzaren ondorioz izan zitekeela. Banekien gaitz horrek goragalea eta halakoak sortzen zituela, baina insomnioarekin ez nuen lotzen. Tentsioa neurtu eta oso-oso altu neukan, 17an. Berehala esan zidan medikuak, hemen bukatu da zure abentura".
Frustraziotik ikasgaira
Kolpe gogorra hartu zuen Iñigok, "semeari ibilaldiarekin jarraitzea eragotziko niolako". Bestelako iritzia zuen, ordea, Julianek: "Egoera zein zen ikusita, asko poztu nintzen". Gidarekin batera jaitsi ziren, hura ere makal, eta eurekin zegoen beste mendizaleak gida berri batekin jarraitu zuten espedizioa: "Zeharo harritu ginen gida hura egun batetik bestera iritsi zenean. Guk lau egunetan egindako zeharkaldia egun bakarrean egin zuen. Nondik etorriko ote zen?", bota du Julianek.
Sentimendu txar hura arintzeko, Alex Txikoni eskatu zion gomendioa Iñigok, eta mendigoizaleak mezu argigarria bidali zion: "Porrota da mendiko ikasgairik onena, zutitzen eta tente egoten irakasten dizulako".
Nepaldarren inguruan
Nepalgo paisaien oroitzapen ahaztezinarekin itzuli ziren etxera, eta turismoak halako toki prekarioetan eragiten duen inpaktuaz pentsakor: "Zaila da onura edo kalte egiten dien ondorioztatzea. Turismoak herrialdearen Barne Produktu Gordinaren zati handia hartzen du, jatetxeak eta ostatuak emakumeek kudeatzen dituzte... Baina bertako gidak esan zidan bezala, etorkizuna ez dute batere argi ikusten", azaldu du Iñigok. Eta, Julianek, errematatzeko: "Bisitan joateko toki paregabea da, orain, ez dut imajinatu nahi zer izan behar den bertan bizitzeak".

