Liztor asiarraren habiak suntsitzeko garai aproposa da udazkena

Hasier Larrea

'Vespa velutina' espezie inbaditzailea gero eta ugariagoa da, Antzuolako udaberriko tranpatze-kanpainan ikusi denez: 2.056 erregina harrapatu ziren, denera. Udazkenean errazago ikusten dira erreginen habiak; abisua eman behar da, udaletxean edo 112ra deituta.

Ikerketen arabera, 2004an iritsi zen, Bordelera (Frantzia), Txina ingurutik egurrez kargatutako itsasontzi batean, Vespa velutina espeziea –liztor asiarra edo liztor beltza izenez ezaguna–. Bi urtera, egonkortutzat eman zuten herrialde hartan, eta berehala zabaldu zen isurialde kantauriar osoan. Ordutik, nabarmen ugaritu da, eta bertako erleen eta intsektuen predatzaile nagusienetakoa bihurtu da. "Horregatik esaten da naturaren desoreka dakarren izurritea dela; komeni da etengabeko kanpaina egitea, liztor mota horren presentzia ahalik eta murritzena izan dadin", esan du Oier Alberdik. Debagaraia Landa Garapen Elkartearen bitartez, Antzuolan liztor beltzaren aurkako kanpaina kudeatzen du, duela hiru urtetik. 

Azaldu duenez, ugalketa fasean daude orain liztor inbaditzaileok, udazkenero bezala: "Erregina berriak orain jaiotzen dira, hibernatu egiten dute hiruzpalau hilabetez, eta martxoan ateratzen dira kanpora, aurreneko habia egiteko materialaren bila. Udaberrian liztor langilez osatutako kolonia sortzen dute, bospasei kumalditan. Aurreneko habia utzi eta tamainaz handiagoa den bigarren habia eraikitzeko agintzen diete langileei; ekainean, habia berrian sartu eta ez dira berriz ateratzen. Beraz, erreginak harrapatzeko tranpatze-kanpaina bigarren habia hori eraiki bitartean jartzen dugu martxan, apiril eta maiatz artean". 

Habiotan ari dira garai honetan liztor arrak eta erregina-gaiak ugaltzen. Arrak hil egingo dira, baina, aurretik, erregina-gaiek haien esperma jasoko dute udaberrian langileak –eme antzuak– erruteko. Prozesu hori eteteko une aproposa da udazkena, zuhaitzetan zintzilik dauden habiak errazago ikusten direlako. Izan ere, neguan zuhaitz-azaletan, lurpeko zuloetan eta pareta-arteetan egoten dira gordeta, lozorroan. 

Gipuzkoan Aldundiak protokolo bat dauka ezarrita, habiak topatu, desaktibatu eta barruan dagoen erregina akabatzeko. Alberdik dioenez, garrantzitsua da egiteko hori profesionalen esku uztea: "Izan ere, norbaitek habia bat ikusi eta makilakadak emanda lurrera botatzen badu, erregina harrapatzeko aukerarik gabe geratzen gara. Aldiz, udaletxera edo larrialdi zerbitzuei hots eginda, guri pasatzen digute abisua, biozida batekin bertaratzen gara eta hil egiten ditugu barruan dauden aleak". Gaineratu duenez, kontzientziazio eta harrera, oro har, "oso ona" dute antzuolarrek: "Astean zehar abisuren bat jaso badugu, ostegunetan joaten gara Antzuolara, eta bai brigadako zein Ingurumen Saileko udal langileek, landa eremuko herritarrek zein herrigunekoek primeran hartzen gaituzte, balio handiko lana egiten dugulakoan".  

Bada anomalia bat

Ikusteko dago zenbat habia desaktibatzen dituzten Gabonak arte, baina Alberdik argi dauka gero eta gehiago daudela, bero handiagoa eta eguraldi eguzkitsuagoa egiten duen heinean: "Tenperatura altuak dira intsektuentzat egokienak, eta hori bikain aprobetxatzen du liztor beltzak". 

Aurtengo udaberriko tranpatze-kanpainan, esaterako, 2.056 erregina atzeman dituzte Antzuola barruan, zazpi asteko epean eta 32 tranpa erabilita. Jarduten duen beste udalerriekin alderatuta, ba omen dago hemen joera bitxi bat: "Mendialdean jarritako tranpetan erori ziren ale gehiago bailara barruan baino. Kuriosoa da, normalean ur asko dagoen tokietan egoten baitira; hau da, errekak emari handiena duen guneetan. Antzuolako anomaliaren arrazoia izan daiteke habia asko neguan atzematen direla, jada erregina piloa jaio direnean eta zulotxoetan ezkutatuta daudenean. Udaberrian, jaio diren inguruneetan geratuko dira; hau da, goialdean". 

Oier Alberdi: "Mendialdean harrapatzen ditugu gehienak Antzuolan; kuriosoa da"

Bertako liztorren alde

Ave Pro izeneko tranpatze-sistema erabiliko dute datorren urtean ere, gainontzeko liztor espezieak babesteko baliagarria delako: "Tranpa horren zulotik beste liztor espezieak ere sar daitezke, baina badute irtenbidea; liztor asiarra, handiagoa izatera, trabatuta geratzen da". Izan ere, garrantzitsua da liztor autoktonoak Vespa velutina-rengandik bereiztea. "Liztortzarrak –Vespa crabro– eta liztor arruntak –Vespula vulgaris– polinizatzaileak dira, on egiten diote ingurumenari. Batzuetan jasotzen ditugu halako liztor-habien kokapen-abisuak, asiarrenak direlakoan, baina bertaratzen garenean ez dugu esku hartzen", aipatu du Alberdik. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak