Nekazaritza zein abeltzaintza ondo ezagutzen duten lau emakumek landa eremu garaikidearen argazkia partekatuko dute datorren eguenean, 18:30ean, Torresoroan. Debagaraia Landa Garapen Elkarteak antolatu du solasaldia, Udalarekin elkarlanean, Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotuta, eta Antzuolako Pikunieta baserriko Josebe Blanco artzainak, Asturiasko Zurea herriko Laura Ibarra nekazariak eta Kataluniako Rialp herriko Vanesa Freixa ekintzaileak hartuko dute hitza, Leire Milikua dibulgatzaile abadiñarraren galderak aintzat hartuta.
Emakume horiei ikusgarritasuna ematea izan zen Nazio Batuen Erakundearen helburua egun hori izendatzeko orduan. Josebe Blancoren ustez, oraindik bete ez den helburua: "Egiten den kontakizunean eta sortzen den iruditerian, landa eremuko gizakiak normalki gizonezkoa izaten du jarraitzen. Emakumeok ez gara existitzen; lur gainean baina itzal artean gaude, Leire Milikuaren liburuaren tituluak dioen moduan".
Artzain lanbidera ekarrita, "lan egiteko moldeak eta onartuak dauden artzain izateko moduak" gizonen ereduetan oinarrituta daudela aipatu du, "hipermekanizazioarekin, ekoizpen ereduarekin eta indarrarekin estuki lotuta".
Eskala txikiagoan, erosoago
Kontrara, emakumeak agroekologian oinarritutako eredura gehiago hurbiltzen direla ziurtatu du Blancok: "Animaliekiko daukagun harremana beste era batekoa da. Konfiantzan oinarritua, ez hainbeste indarraren erabileran. Lurraren eta uraren errespetua lehenesten du eredu agroekologikoak; komunitatearekiko gertu egotea, ekonomia sozial eta solidarioa uztartuta. Hau da, elite batentzat ekoiztu beharrean, gertuko erosleentzat eta ekoizleontzat prezio duinak sustatzea dugu helburu. Bestalde, pertsonen neurriko baserriak aldarrikatzen ditugu; bi pertsona baldin bagabiltza jarduera osoz, ezin dugu, demagun, ehun hektareako lursaila izan gure esku".
Milikuak hainbat azterlan egin ditu emakume nekazarien testigantzetatik abiatuta, eta, haren esanetan, agroekologiak "dibertsitatea" ematen dio landa eremuari: "Askoz eskala txikiagoan eta neurtuagoan lan egiteko modu bat da. Administrazioek bultzatu duten nekazaritza ereduaren aurka doa, eskala handitu, teknifikatu, eta ahalik eta makineria handiena izatea sustatzen dutelako".
Josebe Blanco: "Sortzen den iruditerian, emakumeok ez gara oraindik existitzen"
Lidergoa hartu dute
Genero ikuspegiari erreparatu dio Freixak berak ere. Sektore maskulino tradizionalaren zati handi bat "oso nekatuta" dagoela dio, eta, ondorioz, haien ahotsak ez duela une honetan "behar den indar eta erradikaltasunik". Emakumeak, aldiz, eskubideak defendatzeko orduan "argitasunaren eta determinazioaren ikur" bilakatu direla argudiatu du: "Konplexurik gabeko ahotsa da. Beren buruari behin eta berriro frogatu diote egiteko gai direla; beraz, ez dute jada inori ezer demostratzeko beharrik ikusten". Kataluniako nekazaritza-sindikatuetako aldaketa eman du aditzera: "Oso nabaria da emakume gazteen sarrera. Bizirauteko beharrak nekazaria borroka politikotik eta aldarrikapenetik urrundu du azken urteotan, eta sindikatu klasikoak ezarritako politika eta ereduetara egokitzen joan dira, baina emakume haiek sustraiko gaiak planteatzen hasi dira berriz ere".
Vanesa Freixa: "Nekazaritza sindikatuetako lidergoa emakume gazteek hartu dute"

Josebe Blanco, artaldearekin. DANI BLANCO / ARGIA
Errealitatea ez da lehengoa
Bistan da lurralde bakoitzeko emakumeen arteko sinergiak nola dauden jakiteko balioko duela mahai-inguruak. Iraganetik gentozela uste zenuen, baina etorkizunetik gatoz gure oraina kontatzera titulu "probokatzailea" jarri dio Milikuak. "Landa eremua beste sasoi batzuetako indarrarekin lotzen da oraindik, baina, gaur egun, zona urbanoen zerbitzurako espazio moduan dago planteatuta, begirada urbanotik habitatzen dugu sarri. Lurretik bizitzea baldin bada horizonte desiragarria, egiteko horretan dihardutenek eman diezazkigutela gakoak", azaldu du dibulgatzaileak.
Bestela esanda, gaur egun landa eremuan bizitzeak ez omen dakar baserritar izaera. HAZI Fundazioak kaleratutako Landa eremuko emakumeak EAEn txostenean azaltzen diren datuekin argudiatu du Milikuak baieztapen hori: "Landa eremuko emakumeen %58k ez dute lurrarekiko harremanik, eta, harremana dutenen artean, gehienek autokontsumorako ustiatzen dute. Lan ordainduari dagokionez, %75ek zerbitzuen sektorean dihardute".
Osagarri moduan, Josebe Blancok aipatu du EAEko biztanleria osoaren %11 bakarrik bizi dela landa eremuan, eta, Vanesa Freixaren arabera, biztanleria aktiboa kontuan hartuz, Espainian %3 da lanaldi osoa lehen sektoreari dedikatzen diona, eta Katalunian, %1. EAEn ere ehuneko bera adierazten du Eustat-en azken argitalpenak.
Asturiasen, gutxiago industrializatu den lurraldea izanik, landa eremuak pisu handiagoa dauka jarduera ekonomikoan. Espainiako Estatistika Institutuaren datuak eskuan, % 3,5 eta % 6 arteko okupazioa dago sektore horretan. Laura Ibarrak zehaztu duenez, bereziki abeltzaintzak jarraitzen du indarra edukitzen," tradizio handiko aktibitatea".
Leire Milikua: "Landa eremua ikuspuntu urbanotik habitatzen dugu sarri"
Presioa egitea, kosta
Jakina da asko direla lurra lantzetik bizi diren pertsonen eskakizunak, bizimodu duinagoa lortze aldera. Baina badaude berezitasun batzuk erakunde publikoei presio egitea zaildu egiten dutenak. "Gure artean elkartzea ez da batere samurra, ez dugulako astirik. Lan-karga handiaz eta prekarietateaz gain, sakabanatuta bizi gara", esan du Ibarrak. Freixak argi dauka presio soziala modu iraunkorrean egin beharra dagoela, baina ez direla horretarako baldintzak betetzen: "Gizartearen zati handi bat etxebizitzaren auziari irtenbidea eskatzeko batu da orain. Mobilizazio handia dago, eta ongietorria izan dadila. Baina zenbat urte daramatzagu etxebizitzaren prezioa arautzeko eskatzen? Neurriak ez dira hartzen herritarren presio handia egon arte, eta, gehienak ingurune urbanoan bizi direnez, bertako arazoak ekartzen dituzte lehen lerrora, normala den moduan. Gure kasuan ere urteak daramatzagu egoera bera salatzen, baina ez da desblokeatzen; penagarria da".
2020an prezio justuak bermatzeko onartutako legea oraindik "modu eraginkorrean" aplikatu ez izana jarri du blokeo horren adibide moduan, eta egoera horri egozten dio, neurri batean, dirulaguntzekiko mendekotasuna. "Nekazariek, askotan, laguntzak behar dituzte, euren lanak ez duelako diru-sarrera seguru eta duinik bermatzen. Haien lanak aitortza eta duintasuna irabazi dezan, beharrezkoa da produktuarengatik bidezko prezioa ordaintzea", esan du.
Ereduen arteko talka
Gainera, dirulaguntzen planteamenduarekin ere ez dago ados: "Funtsean, erakunde publikoek errentagarritasunari begiratzen diotelako jasangarritasunari baino gehiago. Gaur egungo politikek, sarritan, landa eremuko proiektuak gehiegi handitzera bultzatzen dituzte. Hitzek ere asko esaten dute; pentsa, ustiategi bati esplotazio deitzen diogu. Beste eredu bat planteatu beharko litzateke, barne-merkatura eta hurbileko merkatura begirako ustiategiak, abelburu gutxiagorekin baina produktuari prezio hobea emanez".
Ildo beretik mintzo da Ibarra. Eskaintzen diren dirulaguntzak "errentan oinarritutako kontratu" gisa definitu ditu: "Ni, nekazaria naizen heinean, klimaren, uraren edota uzten menpe nago. Ezin dut aldez aurretik frogatu dirulaguntzak jasotzeko baldintzetan ezarritako kopuru hori ekoiztuko dudala. Horregatik, erabaki izan dut halako deialdietara ez aurkeztea".
Laura Ibarra: "Dirulaguntzak errentagarritasunean oinarritutako kontratuak dira"
Norabide aldaketa, funtsezkoa
Mendebaldeko gizarteak "natura baliabide gisa" ulertzearen ajeak direla uste du Blancok, eta beste muturrean kokatzen dela ekofeminismoak proposatzen duena: "Kontzeptu horren arabera, gure bizitzek besteen bizitzekiko elkarreragina dute. Naturaren baitan gaude, gu ere natura gara. Natura zaintzean datza, geure burua zaintzen ari garelakoan, eta alderantziz".
Gizartea norabide horretan lerratzea beste aukerarik ez dagoela argudiatu du: "Izan ere, onartzen ez badugu gizakion bizitzak bezain garrantzitsuak direla inguruan ditugun gainontzeko espezieen bizitzak, oso konplikatua izango dugu aurrera egitea, hain justu bizitza horiek mantentzen gaituztelako bizirik. Edo jarduera industrialean oinarritutako bizimodu ekozida hau desmuntatzen dugu, edo belaunaldi-katea eten egingo da".
Dagoeneko gertatzen ari da hiritik landagunerako biztanle mugimendua, Freixaren esanetan, "badagoelako nekazaritzan aritu nahi duen eta proiektu berritzaileetan sinisten duen jendea". Baina arazoa ikusten du, belaunaldi berriek zaila dutelako landa eremurako sarbidea, erantzun politiko faltagatik: "Hasteko, hainbat neurri beharko lirateke; adibidez, lurraren prezioa arautzea, etxebizitza eskubidea bermatzeko; eta lur-banku publikoak sortu eta indartzea, nekazariei lurra eskuratzea errazteko".
Antzeko hausnarketa gehiago mahaigaineratuko dituzte datorren eguenean, hilak 15. Hitzordura begira, Josebe Blancok ohartarazpena bota du: "Kontuz ibili, artzainok pentsatzeko denbora asko daukagu eta".