Elikagaiak alferrik ez galtzeko tokiko komertzioaren balioaz jardungo dute hilaren 6an

Hasier Larrea

Barazki-denda bateko banastak. 

Elika Fundazioko, Anelkarreko, Gipuzkoako Elikagai Bankuko, EHUko, Udaleko eta Lapatza baserriko ordezkariek bat egingo dute hilaren 6an Olaran Etxean, 18:30ean. Elikagaien xahuketa murrizteko gakoak elkarbanatzea izango da topaketaren helburua. 

Veronica Rios Huembes arrasatearrak bultzatu du solasaldia, Udalaren eta EHUren laguntzarekin. Riosek Aurretiazko eta Lankidetzazko Gobernantza graduondoa burutu zuen iaz Euskal Herriko Unibertsitatean: "Lankidetza bidezko gobernantzan praxitik sakontzea planteatzen du graduondoko horrek, erronka konplexuei aurre egiteko, balio publikoa sortzeko eta demokrazia indartzeko", adierazi du Riosek. Erronka zehatz bat izan du hizpide: elikagaien xahutzea murrizteko ze neurri har daitezkeen ikertzea. 

Tokiko kontsumoaren balioa

Prozesu horretan, besteak beste, bi ondorio atera zituen: "Kolektiboki aztertu behar direla egunerokoan uztartu daitezkeen lankidetza-alternatibak, eta beharrezkoa dela ikusaraztea tokiko merkataritzak elikagaien xahuketa murrizteko orduan duen garrantzia. Izan ere, zero kilometroko produktuak kontsumitzea estrategikoa da, zuzeneko eragina duelako elikagaiak alferrik galdu ez daitezen".

Hain zuzen, bi helburu horiei helduko diete Olarango solasaldian hondakinak murrizten lan egiten duten erakundeetako eta gai horrekin sentikorrak diren tokiko eragileetako kideek: "Merkatariak, auzotarrak, gizarte-erakundeak, ekoizleak eta Antzuolako Udaleko ordezkariak bilduta, eztabaidarako eta parte-hartze aktiborako gune mistoa sortuko dugu. Alternatibak mahai-gaineratuko ditugu Antzuola mailan xahutzen den elikagai-kopurua murrizteko", azaldu du Riosek. Hala, hitzaldira bertaratzen diren herritar eta dendariek kontsumo-ohitura iraunkorragoez jabetzeko eta praktikan jartzeko neurrien berri izango dute, "errazak eta egunerokoak". 

"Datu kezkagarriak"

Haren esanetan, herriko dendek eta bizilagunek elkarrekin lan egiteko espazioak eta tresnak garatzeak lagunduko luke gizarte mailako arazo handi hori txikiagotzen: "Datu kezkagarriak dauzkagu gurean. Kontuan hartu behar da Euskadin urtean ia 248.000 tona elikagai galtzen direla alferrik; Gipuzkoa mailan, ostera, biztanle bakoitzak 165 kilo janari xahutzen ditu urtero. Elikagaien galera horrek eragin zuzena du baliabide, lan eta aukeretan, elikagai bakoitzaren atzean pertsonak daudelako", argudiatu du Riosek. 

Era berean, uste du elikagaien xahuketa ez dela soilik hondakinen kudeaketa-arazo tekniko bat: "Gure gizarte eta ekonomia-sistemaren krisiaren ondorio zuzena da, eta jabetu behar dugu daukagun arazoaren tamainaz, guztiongan eta ingurumenean eragin handia duen heinean". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak