Bide berdeko Garaiko tunela itxita dago, kontserbazio-egoera arriskutsuagatik

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 28a

Guipuzkoako Foru Aldundiak debekatu egin du tunelaren erabilera, azterlan geoteknikoak egin eta gero, bertatik era seguruan pasatzea ez dagoelako bermatuta. Tunel hori Basalde auzoan dago, bide berdearen barruan, eta Deskargarako joan-etorriak oinez zein bizikletan egiteko erabili izan dute herritarrek.

Joan den udazkenean auzolanean egin zuten tunelaren garbiketa, baina bazuten susmoa nahiko ezegonkor zegoela, eta Aldundiko teknikariek baieztatu egin dute susmo hori. Hala, behin behinean itxi dute tunela, paretako eta sabaiko egitura gogortu eta segurtasun baldintzak beteta zabaltzeko helburuarekin. Olatz Lezeta alkateak esan du "etorkizunean" egingo dela esku hartze hori, baina oraindik ez dagoela zehaztuta "noiz eta nola". 

Inguruko auzotarrek ohartarazi dute Antzuolatik Deskargarantz doazen oinezko batzuek, bidea itxita ikustean, ondoko itxituratik salto egin eta zelai batetik jarraitzen dutela pasioa: "Hobe da hori ez egitea, Amilleta baserriaren jabetzako zelaira egiten dutelako jauzi, bertan ganadua egoten delarik". Bide berdeko erabiltzaileentzat, alternatiba gisa, Galardi baserritik Basalgoko errepiderantz hartzea gomendatu dute: "Galardi baserrira heltzerakoan, ezkerrera hartu beharrean eskuinera hartuta. Basalgoko errepidera iristerakoan gora segi, eta Deskargara jarraitzeko Garaikotik eskumara hartu, tunela atzean lagata". 

Itxitura, bidearen alboan. 

Vasco-Navarro trena pasatzen zen trazaduran, gaur egun bide berdean, egin izan dituzte antzeko esku-hartzeak Antzuolan. Esaterako, 2023an egin zituzten Jauregiko tunela konpontzeko lanak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak