Jaiak baloratzeko batzar irekia deitu du Udalak, uztailaren 29rako

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 22a

Antzuolako jaien antolakuntza parte-hartzailea Sormen batzordearen bitartez egin duten bezala, halaxe egingo dute osteko balorazioa ere. Datorren eguaztenean izango da, 18:30ean, udaletxeko beheko gelan. 

Biharamunak pasata, aurtengo festak nola joan diren errepasatzeko tartea hartuko dute orain herriko eragileek. Udalak uztailaren 29an deitu du bilera irekia, baina Olatz Lezeta alkateak dagoeneko partekatu du asteburuak emandakoaren gaineko ikuspuntua: "Hasiera batean, inpresioak oso onak izan dira, oso pozik gaude. Eguraldia primerakoa, jende pila bat ekintza danetan... Oso jai parte-hartzaileak izan dira".

Kontrapuntua jartze aldera, bigantxen ikuskizuna "nahiko gorabeheratsua" izan dela aipatu du: "Okerrena Toheedek eraman du, bigantxak harrapatuta dezenteko kolpea hartu baitzuen;  pena bat izan da, ikurrina igotzera etorri eta horrela bukatu beharra. Hemendik besarkada eta animo pila bat bidaltzen dizkiogu". 

Txosna batzordeko kideak, bestalde, "aste honetan" elkartuko dira jaiek eman dutenaren balorazioa egiteko.

Domekako bazkaria, "bikaina"

Dagoeneko festek utzitako ahozaporea nolakoa izan den azaldu dutenak Ez Dot Moztuko Bizarra taldeko kideak izan dira. Domeka eguerdian egindako bazkaria izan dute hizpide: "80 lagun inguru elkartu ginen mahaiaren bueltan eta giro polita izan genuen. Garazi Barrenaren kantaldia bikaina izan zen eta jendea oso gustura egon zen. Kasu honetan ere eskerrak eman beharrean gaude: bazkarirako izena eman zutenei, laguntzen ibili zirenei... eta baita Garaziri ere eskainitako momentu politengatik".

Bazkalondoan egindako zozketaren zenbaki saridunak ere jakinarazi dituzte. Lehenengo saria, Antzuolako dendetan erabiltzeko 100 euroko txartela, 106ri egokitu zaio –ordezkoa 868–, eta bigarrena, urdaiazpikoa,  1.399ri –ordezkoa 145–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak