Nolako kontzertua izango da Antzuolakoa?
Arratsaldeko emanaldia izango da, eta nire kontzertuek izan ohi duten izaera izango du: giro intimista, baina publikoarekin konektatzeko eta entzuleak parte hartzera gonbidatzeko tarteekin. Hurbiltasuna da gehien zaintzen saiatzen naizen alderdietako bat. Nire lau diskoetako kanturik esanguratsuenak joko ditut, gitarra eta ahots hutsezko formatura ondoen egokitzen direnak. Horrez gain, nire ibilbidean zehar erreferente izan diren bakarlari eta taldeen abesti batzuk ere eskainiko ditut; besteak beste, Guk eta Hibai Rekondorenak.
Ez da zure lehenengo aldia izango Antzuolan. Zer espero duzu oraingoan publikoarengandik?
Beti harrera beroa jaso izan dut. Urteak igaro dira, eta ez dakit belaunaldi berriek zer-nolako joerak dituzten, baina itxaropentsu nago urte hauetan nire musika entzun duen publikoa bertan izango delakoan.
Urte asko daramatzazu oholtzan. Zer aldatu da denbora honetan?
Belaunaldi aldaketa nabarmena izan da. Ni kantuan hasi nintzenean, gure herriaren, euskararen eta askatasun nahiaren inguruko kontzientzia kolektibo sendoa zegoen. Euskaraz kantatzeko hautua ere, neurri handi batean, kontzientzia hartatik sortzen zen. Gaur egun, zalantzak ditut belaunaldi berriek herri izaerarekiko eta hizkuntzarekiko duten atxikimenduaren inguruan, salbuespenak salbuespen. Eta horren berpizkunde baten premia handia dagoela ikusten dut.
Testuingurua asko aldatu da, baita musikaren industria ere. Zerk mantentzen zaitu oholtzara igotzeko ilusioarekin?
Autoproduktore izanik, gero eta zailagoa da lanak kaleratzea. CDaren gainbeherarekin, grabazioaren, produkzioaren eta banaketaren kostuak berreskuratzea ia ezinezkoa bihurtu da. Lehen, diskoen salmentek, gutxienez, inbertsioa orekatzen laguntzen zuten; gaur egun, ez. Hala ere, oholtzak nire adierazpiderik garrantzitsuena izaten jarraitzen du. Kantatzeko gogoa hor dago oraindik, eta, gainera, uste dut kantuak baduela eginkizun bat herri gisa ditugun kezka eta erronkaren inguruan hausnarketa sustatzeko, eta horrek mantentzen nau oholtzan.
Eta etorkizunera begira, zer geratzen zaizu egiteko?
Azken diskoa 2024an argitaratu nuen, eta, nire ustez, oraindik lan berria da. Egungo egoerak ez du bide handirik ematen disko berri bat egiteko, baina horrek ez du esan nahi, inolaz ere ez, kantuak sortzeari utziko diodanik. Oraindik badaukat zer adierazi eta zer kantatu.