Aurtengo zapi-janzte ekitaldian adineko bi herritar omenduko dituzte: Asensio Azkarate eta Bittori Lezeta. "Ez dira herriko zaharrenak, baina omenduak ez dira errepikatzen", adierazi du Olatz Lezeta alkateak. Biek jaietako zapi eta lore-sorta bana jasoko dute, herriaren aitortza eta oroigarri gisa".
Ekitaldi berean, iazko jaietatik hona Antzuolan jaio diren haurrei zapi txikia jantziko diete, herrian ongietorria egiteko eta herriaren parte direla aitortzeko. Azken urtean hamar haur jaio dira herrian, aurreko urtean baino lau gutxiago.
Zapiak alkateak eta Udaleko zinegotziek jantziko dizkiete omenduei. Parte-hartzaile guztiak udaletxe aurrean bilduko dira, eta ekitaldia 19:45ean hasiko da, Herriko Plazan.
Antzuola beti bihotzean
Omenaldiaren ostean, jaiak abiaraziko dituen ekitaldia egingo dute: ikurrin dantza, Oinarin dantza taldearen eskutik. Ondoren, Antzuolako bandera eta ikurrina jasoko dituzte, eta aurten Toheed Ghulam Kouserrek izango du ardura hori. Pakistanen jaioa bada ere, Antzuolan hazi zen, eta herriarekin zein euskararekin duen lotura estua mantendu du urteetan zehar. Gaur egun, Londresen bizi da, baina Antzuola eta bertako euskara mundu osoan zabaltzen jarraitu du. Horregatik, herriak haren ibilbidea aitortu nahi izan du. "Eredu da guztiontzat: Pakistandik etorri, Antzuolan euskara ikasi, eta, nahiz eta Londresera bizitzera joan, anai-arreben artean euskaraz hitz egiten jarraitzen dute. Aurten, hainbat komunikabidetan agertu da, eta harro esan du antzuolarra dela", azaldu du Lezetak.
Izendapenak "emozio handia" eragin diola aitortu du hark. "Hasieran, broma bat zela pentsatu nuen. Gero, lagunek egia zela esan zidatenean, oso pozik jarri nintzen", azaldu du. Hamarkada bat darama Londresen bizitzen, baina Antzuolarekiko loturari eutsi egin dio urte hauetan guztietan, eta urtero itzultzen da herrira, kuadrilla eta lagunak bisitatzera. "Pakistanen sortu nintzen eta Antzuolan hazi; biak ditut etxe. Antzuola nire etxea da, niretzat eta nire familiarentzat. Beti eramango dugu bihotzean", nabarmendu du.