Goiza musikaren erritmora hasiko da. 11:30ean, Bergarako Udal Bandak kalejira egingo du herriko kaleetan barrena, jai giroari lehen doinuak jartzeko. Ondoren, 12:30ean, Zurrategin emango dute urteroko kontzertua, Enrike Txurrukaren zuzendaritzapean. Publiko guztiei zuzendutako errepertorioa interpretatuko dute, musika klasikoa eta doinu ezagunagoak uztartuta. Arratsaldean, berriz, begirada guztiak Antzuolako Alardera bideratuko dira. Herriko nortasunaren eta ondare historikoaren adierazpenik esanguratsuenetako bat den ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta aurten ere Lander Dominguez izango da kapitaina. Eguna amaitzeko, 22:30ean hasita, Herriko Plaza dantzarako eta festarako gune bihurtuko da, Joselu Anaiak taldearen eskutik.
Jaietako ikur nagusia
Antzuolako Alardea herriko ondare historiko eta kulturalaren adierazpenik esanguratsuenetako bat da. Urtero ehunka herritar biltzen ditu; batzuek desfilean parte hartzen dute eta beste asko ikusle izaten dira, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu den tradizio bati jarraipena ematen diote.
Aurtengo edizioan ere Lander Dominguezek gidatuko du Alardea. 2018an hartu zuen kapitain kargua, eta, pandemiaren etenaldia alde batera utzita, zazpigarren urtez izango da desfilearen buru. Haren esanetan, aurtengo ekitaldiak ez du aldaketa nabarmenik izango, baina, urtero bezala, aurpegi berriak izango dira parte-hartzaileen artean. Horrek pozten du antolakuntza, nahiz eta etorkizunari begira kezka nagusia belaunaldi arteko erreleboa bermatzea dela aitortu: "Zorionez, oraindik Alardera etortzen den jendea badugu. Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartzen duten guztiei, eta aukera baliatu nahi dugu oraindik animatu ez diren herritarrak ere parte hartzera gonbidatzeko".
Hala ere, kapitainak azpimarratu du ezinbestekoa dela etorkizunari begira lanean jarraitzea: "Urtero nahiko ondo ibiltzen garen arren, erreleboaren gaiak kezkatzen gaitu. Horretan lanean jarraitu behar dugu, bai elkarteak eta baita Udalak ere, tradizio honek etorkizuna izan dezan".
Atzeko lan isila
Plazan ikus daitekeen desfilea Alardearen alderdirik ikusgarriena bada ere, antolakuntzak gogorarazi du ekitaldiaren arrakasta ezinezkoa litzatekeela atzean egiten den lanik gabe. Urtero 150 eta 200 lagun artean aritzen dira Alardearen bueltan: soldaduak, danbor-joleak, kanoilariak eta gainerako parte-hartzaileak ez ezik, logistika, muntaketa eta koordinazio lanetan jarduten duten boluntario ugari ere bai. "Atzeko lanak egiten dituztenak ez dira ikusten, baina haien lana ere ezinbestekoa da Alardea aurrera ateratzeko. Ekitaldi honek jende askoren konpromisoa eta dedikazioa eskatzen ditu", nabarmendu du kapitainak.
Entseguei dagokienez, uztailaren hasieran abiatu zituzten, danbor-joleen lehen entseguarekin. Ondoren, bi entsegu orokor antolatu dituzte, eta azkena uztailaren 15ean egingo dute. Hala ere, Alardearen egunean bertan ere azken prestaketa-saioa izango dute, 18:00etan, desfilea hasi baino ordubete lehenago.
Oraindik izenik eman ez duten herritarrei dei egin die kapitainak: "Norbait gogoz badago, oraindik badu denbora danborra, fusila edo kanoia hartu eta Alardean parte hartzeko". Bereziki, gazteei zuzendu die mezua, "haiek eutsiko diote-eta tradizioari etorkizunean. Gazteen beharra dugu, erreleboa hartu eta Antzuolaren ondare den tradiziozko ikuskizuna datozen belaunaldietan ere bizirik mantentzeko".
Herritik eta herriarentzat
Aurtengo edizioak badu berritasun sinboliko bat ere. Orain arte hainbat izendapen izan dituen ekitaldia, tartean Mairuaren Alardea, hemendik aurrera Antzuolako Alardea izenarekin aurkeztuko da. Lander Dominguezek azaldu duenez, izen aldaketa ez da berria, urteetako lanketaren emaitza baizik. "Gure Alardea modu askotan izendatu izan da historian zehar, baina Alarde Batzordekook beti izan dugu helburu konnotazio negatiboak alde batera utzi eta Antzuolako Alardea izena erabiltzea. Herritik eta herriarentzat egindako ekitaldia delako, eta gurea delako", adierazi du. Gogorarazi duenez, 2009an egindako aldaketen ondoren hasi ziren norabide horretan lanean, eta, ordutik, izendapen berria esparru guztietan erabiltzeko ahalegina egin dute.
Bergarako Udal Banda
Zapatuko beste osagaietako bat Bergarako Udal Bandaren kontzertua izaten da. 11:30ean, kalejira egingo dute, eta 12:30ean izango da emanaldia, Zurrategin. Enrike Txurruka izango da zuzendaria, beste urte batez.
Joselu Anaiak, Plazan
Gauean, berriz, Herriko Plaza dantzaleku bihurtuko da Arabako Joselu Anaiak taldearen eskutik. 22:30ean hasiko den erromeriak belaunaldi guztietako herritarrak elkartzea izango du helburu.