Jaietako egunik jendetsuenetako eta girotsuenetako bat izango da datorren uztailaren 17koa, egubakoitza. Egitarauan ofizialki izen hori ez duen arren, urteek aurrera egin ahala antzuolarrentzat Kuadrilen Eguna bihurtu da, kuadrillak elkartu, herria kalera atera eta egun osoa elkarrekin igarotzeko ezinbesteko hitzordua.
Herri bazkaria eta kuadrillen arteko ginkana izango dira eguneko ardatzak, eta aurten, gainera, berrikuntzekin iritsiko da arratsaldeko lehia. "Kuadrillak elkartzeko eguna da; adinak axola gabe, herria kalera ateratzekoa", azaldu du Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak. Lehia aitzakia baino ez dela nabarmendu du; helburua, batez ere, elkarrekin ondo pasatzea dela.
Jokoetan berrikuntzak
Kuadrillen arteko ginkana arratsaldeko seietan hasiko da, Zurrategi plazan. Kuadrilla ugarik elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak –edo, hobeto esanda, trebetasuna– hainbat probatan. Ginkanako jolasak azken urteetan kanpoko enpresa batek antolatu baditu ere, aurtengo jokoen ardura Idolaz Antzuolako Aisialdi Taldeak hartuko du bere gain. Horri esker, egingo dituzten probak herriko errealitatera eta egunaren izaerara hobeto egokitu ahal izango direla azaldu du Lezetak.
Jolasak herri-kirolen estilokoak izango dira, baina orain arteko zenbait "muturreko" proba baztertuta. "Guztiontzat modukoak izango dira; trebetasuna beharko da, baina ez indarra", adierazi du alkateak. Antolatzaileen asmoa da parte-hartzea erraztea eta lehia baino gehiago dibertsioa sustatzea.
Parte hartu nahi duten taldeek lau, bost edo sei kide izan beharko dituzte, eta partaide guztiek gutxienez DBH1 mailakoak izan beharko dute. Hortik aurrera ez dago adin-mugarik; izan ere, belaunaldi askotariko herritarrak elkartu eta elkarrekin aritzeko eguna izatea da helburua. Izena emateko aukera Whatsappeko kanalaren bidez zabaldu dute.
Herri bazkaria guztiondako
Arratsaldeko erronkak hasi aurretik, indarrak hartzeko unea izango da herri bazkaria. Izen-ematea asteazkenean itxi zuten, eta 400 lagun inguru bilduko dira bazkarian. Lezetak esan du aurreko urteetan baino jende gehiagok eman duela izena, eta pozik dago herritarren parte-hartzearekin.
Bazkaria Euskal Parrillak prestatuko du aurten ere. Alkatearen esanetan, aurreko urteetako esperientzia ona ikusita errepikatu dute, "segurua, goxoa eta prezioz egokia" dela iritzita.
Bazkalostean, gainera, ez da musikarik faltako. 19:00etan hasita, Joselontxos txarangak girotuko ditu herriko kaleak kalejiran, Kuadrillen Egunari jai-giroa luzatzen jarraitzeko.