Festetarako prestatzen dabil Antzuola, eta badaude kontuan hartzekoak

Hasier Larrea 2026ko uztailaren 13a

Iazko kantu afariaren une bat.

Ostegunean hasiko dira Antzuolako jai nagusiak ofizialki, eta ospakizunak behar bezala joan daitezen, hainbat jarraibide eta zerbitzu jakinarazi ditu Udalak, herritar guztien erosotasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Aurten ere, herriko identitatearen ikur den jaietako zapia janzteko dei egin dute. Oier Peñagarikanok diseinatutako zapia izango da festetako protagonistetako bat, eta, aurrerantzean ere, diseinu berbera mantenduko dute. Zapia eskuratu nahi dutenek udaletxean zein tabernetan izango dute aukera.

Barraken prezioak

Umeen eta gazteen gozamenerako, atrakzioak edo barrakak egunero hamar orduz egongo dira martxan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 01:00ak arte. Bidaia bakoitzaren prezioa 2,50 eurokoa izango da, eta 10 euroko bonuak eskuratzeko aukera egongo da –bost bidaia–. Igandean Umeen Eguna ospatuko denez, prezio berezia ezarriko dute, merkeagoa: 1,50 euro bidaia bakoitzeko, hain zuzen ere.

Zirkulazioan etenak

Jaietan zehar, giro lasaia bermatzeko, trafikoari itxita egongo da Kalebarren 17tik –zubia barne– Buztinzuri 15erainoko zatia eta Sagasti 1etik frontoi osterainokoa. Domekan, bestalde, Ondarre plazako bigantxak direla eta, arreta berezia eskatu du Udalak, debekatuta egongo baita aparkatzea Ondarren eta Ondarretik plazarako bidean.

Hondakin bilketa

Hondakin zerbitzuan ere aldaketa puntualak egongo dira: traste zaharrak uztailaren 15ean, asteazkena, jasoko dituzte; organikoa, zapatu eta astelehen goizean; ontzi arinak, ostiral goizean eta zapatu gauean; papera, ostiral eta astelehen goizean; eta errefusa, egunero. Gainontzeko egunetan zerbitzuak aldaketarik gabe funtzionatuko du.

Horrez gain, edukiontziak jarriko dituzte herriguneko hainbat lekutan: San Josepeko larrialdi-gunean organikoarentzako eta ontzi arinentzako edukiontziak eta Ondarrerako bidean beira-edukiontzia.

Sexu indarkeriarik ez

Guztientzako espazio seguruak bermatzeko, eskuragarri egongo da Sexu Indarkeriari Arreta Integrala emateko Foru Zerbitzua. Indarkeria jasan duten emakumeei edota haien ingurukoei laguntza emateko prest dagoen zerbitzu hori eguneko 24 orduetan dago martxan egunero, 900 84 01 88 telefono zenbakiaren bidez.

Era berean, Antzuolako txosna batzordeak adierazi du ez dela inongo eraso matxista, arrazista edo LGTBQ+ fobikorik onartuko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak