Jaien atarian, herriko pilota jaialdia egingo dute zapatuan udal pilotalekuan

Ibai Irasuegi Garai 2026ko uztailaren 8a

Insausti, sakea egiten iazko herriko pilota jaialdian. Argazkia: Goiena.

18:30ean hasiko da jaialdia; herriko pilotariak izango dira protagonistak.

Olalde pilota elkarteak antolatuta, herriko pilota jaialdia egingo dute zapatu arratsaldean udal pilotalekuan. Bi partidu jokatuko dira, eta, ohi bezala, Antzuolako pilotariak izango dira jaialdiko protagonistak; izan ere, ekitaldian lehiatuko diren zortzi pilotarietatik lau antzuolarrak dira: hain zuzen ere, Olatz Insausti, Leire Galeano, Aitor Mendizabal eta Manex Balerdi. Partiduei dagokienez, Olatz Insaustik eta Arhane Reyk Nahia Sorondo eta Leire Galeano izango dituzte aurkari lehen partiduan, eta, ondoren, Aitor Mendizabalek eta Aingeru Bernaolak Ander Etxanizen eta Manex Balerdiren aurka jokatuko dute.

Jaialdia 18:30ean hasiko da, eta pilota gustatzen zaion oro gonbidatua dagoela adierazi du Olalde pilota elkarteko presidente Andoni Balerdik: "Afizionatu mailako partiduak badira ere, maila handiko pilotariak dira guztiak".

Antzuolarrak aurrez aurre

Lehen partiduari dagokionez, Insausti eta Reyk Sorondo eta Galeano izango dituzte aurkari. Lehia parekatua espero du Insaustik: "Lan handia egin beharko dugu partidua irabazteko, aurkariak oso indartsuak baitira". Beste urte batzuetan ez bezala, aurten Insaustik aurkari izango du Galeano, eta "oso aurkari zaila" dela adierazi du: "Pilota nahi duen lekuan jartzeko gai den horietakoa da Galeano".

Antzuolako lau pilotariek elkarren aurka jokatuko dute, "lehia gogortzeko" asmoz

Iaz, bikotea osatu zuten Mendizabalek eta Balerdik, baina zapatuko jaialdian elkarren aurka jokatuko dute, "bi bikoteen maila parekatuta egon dadin". Hori "motibazio handia" dela esan du Balerdik: "Azken urteetan batera jokatu dugu herriko mutilek eta neskek, eta aurten, bikoteak parekatzen eta bi bikoteen arteko lehia sortzen saiatu gara". Ikuskizunari dagokionez partidu politak izatea espero du atzelari antzuolarrak, eta Mendizabal aurkari izateak lehia are gehiago gogortuko duela esan du: "Beti laguntzeko prest dagoen jokalaria da Aitor, eta oraingoan haren aurka egote hori plazera da niretzat. Jokalari bezala oso gogorra da, eta, partidua etxean izanda, ziur nago oso gogotsu egongo dela".

Klasikoa jaien atarian

Pilota elkarteak urte asko daramatza herriko jaien atarian pilota partiduak antolatzen. Oinatz Bengoetxea pilotaria erretiratu zenean, hura ekartzeko partidu bat antolatu zuten lehenengoz, eta jaien atarian pilota partiduak antolatzen hasi ziren harrezkeroztik. "Formatua gustatu zitzaigun eta ongi funtzionatu zuen. Gainera, pisua kentzen diogu jaietako egitarauari", azaldu du pilota elkarteko zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak