Antzuolako jaietako zapatuan egingo da Alardea, 19:00etan, eta entseguak uztailaren hasieran jarriko dira martxan, honako egutegiarekin:
- Uztailak 1, asteazkena: Lehen kontaktua egingo dute Torresoroan, 18:00etan, danborjoleek eta zuzendariak.
- Uztailak 8, asteazkena: Saio bikoitza egingo dute 18:00etan; danborjoleak Torresoroan elkartuko dira, eta Mairuaren musika landuko dutenak, Olaranen. Ondoren, 19:00etan, entsegu orokorra egingo dute Herriko Plazan, partaide guztiekin.
- Uztailak 15, asteazkena: Aurreko asteko ordutegi eta leku berberak mantenduko dira (18:00etan taldeka eta 19:00etan denak Plazan). Entsegu orokorraren ostean, luntxa egongo dute.
Txosnetan lan egiteko gonbidapena
Jaietako txosna batzordeak ere antzuolarren laguntza eskatu du txosnagunean txanda egiteko. Deialdia gazteei, eta bereziki "ia txosnan txandarik egiten ez duten guraso eta beteranoei" egin diete; oro har, txosnetan bere aletxoa jarri nahi duen edozeini.
Ordubeteko turnoak izango dira, binaka egin beharrekoak, eta nahi beste turno egin daitezke. Txosna batzordeko kideek Aitz Garbi tabernan jarri dute kartel bat, gura duenak bertan izena eman dezan, ondo datorkion orduan.