"Denontzako hilerria" lortzeko bidean, aldaketa batzuk nabari dira dagoeneko

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 22a

Aniztasuna eta integrazioa irudikatzen duen bihotza egokitu zuten joan den astean hilerriko sarreran. Antzuolako alkate Olatz Lezetak zehaztu du bihotzak "komunitate guztiak" ordezkatu ditzakeela, "erlijio bateko sinestuna izan edo ez". 

Badira bizpahiru urte Antzuolan etorkizuneko hilerria irudikatzeko gogoeta parte-hartzailea abiatu zutenetik, Hil Arte Bizi egitasmoak, Antzuolako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz ikerketa taldeak gidatuta. Adostasuna sortu zuen puntuetako bat izan zen hilerriak "denontzako gunea" izan behar zuela. Bada, aniztasunaren eta integrazioaren ideia hori irudikatzen duen bihotza egokitu zuten joan den astean hilerriko sarreran. Antzuolako alkate Olatz Lezetak zehaztu du bihotzak "komunitate guztiak" ordezkatu ditzakeela, "erlijio bateko sinestuna izan edo ez". 

Marrazki hori, gainera, Herri Eskolako haurrek egin dute; izan ere, modu aktiboan hartu dute parte prozesu horretan, heriotzaren gaia modu naturalean lantzera ohituta daude eta. Hori ez da neska-mutilek hilerriari egin dioten ekarpen bakarra izan, hesituran egokitu dituzten izartxoak haiek marraztu baitituzte. 

Existitu direlako

Bihotzaren eta izarren babes-egitura Sahatsa Jauregi eskultore hernaniarrak egin du; Gure Txikixak gune berriaren egile berberak, hain zuzen. Joan den ostiralean inauguratu zuten dolu perinatalerako eremua, hitzartze, bertso, dantza eta kantu artean. Ekimen hori ere estuki lotuta dago etorkizuneko hilerriaren baitako saioekin, orduan aipatu baitzen ondo legokeela hilerrian erditu aurretik eta ostean hildako haurrentzako gune bat egokitzea. 

Hamar laguneko taldeak garatu du prozesua, eta horietako bat Kristina Pavo izan da, Esku Hutsik elkarteko kidea. Oso pozik eta eskertuta azaldu zen aurkezpen-ekitaldian: "Hainbat familiak Udalaren eskutik egindako lanaren ostean, komunitateak ikusi ez dituen ume horiek leku bat izango dute aurrerantzean. Existitu direla esateko aitortza bat da, heriotza eta dolu hori ikusarazteko modu bat. Inauguraziora etorri den jendetza honek erakutsi du begirunez hartzen duela gai hau".

Familiek erritualak egiteko, oroitzeko eta errautsak botatzeko aukera izango dute bertan. Sahatsa Jauregik Hernaniko hilerrian egin zuen antzeko egitura bat egokitu du horretarako: "Haien beharrak eta desirak detektatu ostean, agur-erritualak egiteko baina baita ere lasai egoteko toki bat diseinatzen hasi nintzen. Gutunak eta mezuak erretzea bada agur esateko modu eder bat; beraz, lur azpira metro batzuk hondoratzen den pieza bat jarri dugu, familiek agur-eskutitz horiek errautsen bitartez lurrera hondoratu ahal izan ditzaten", adierazi du eskultoreak.

Prozesua, aurrera

Dolu perinatalerako gune gutxi daude Euskal Herriko hilerrietan, baina, Pavoren esanetan, badaude halako txokoak hilerri gehiagotan zein hilerriak ez diren beste gune batzuetan sortzeko egitasmoak martxan. 

Antzuolak berea dauka orain, etorkizuneko hilerria diseinatzerakoan gura izan zuten gisakoa. Alkateak aurreratu du prozesu horrek aurrera egingo duela, "bizitzan bezala, heriotzan ere gero eta anitzagoa den herri baten alde". Ildo horretatik, komunitate musulmanarekin harremanetan jarri da Udala, haien beharrizanak zeintzuk diren jakiteko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak