Ongi Etorri jatetxea mundu-mailako dardolarien topaleku izango da asteburuan

Hasier Larrea 2026ko maiatzaren 8a

Antzuolako Munstroak eta Phoenix Darts elkarteko kideak, Ongi Etorrin.

Phoenix Darts elkarteak babestutako txapelketa solidarioa antolatu dute gaur eta bihar. 300 dardo-jokalari espero dituzte elkartzea; tartean, elite mailakoak. 

Nork esango zien duela hiru urte dardoetan jokatzeko elkartzen hasi zen lagun taldeari etorkizunean 300 dardo-jokalari elkartzeko gai izango zirela; tartean, izen handiak. Ongi Etorri jatetxeko Kristyna Ovsakovak eta Cristian Ariasek Phoenix Darts elkartearen hamar diana elektronikoz josi zuten atzo jantokia eta chill-out gunea, gaur eta bihar jokatuko den txapelketa irekirako dena prest edukitzeko. "Hilabeteak daramatzagu hitzordua antolatzen, eta apartekoa izango delakoan gaude. Tabernetan antolatzen diren dardo-txapelketak xumeagoak izaten dira, baina guk nazioartean punta-puntako lehiaketetan aritzen diren dardo-jokalariak erakartzea lortu dugu", azaldu du Ariasek.

Ekimen solidarioa ere bada, jasotako diruaren %10 Gipuzkoako Down Sindromearen Elkartearentzat (Aguidown) izango delako: "Gure planteamendua Udalari eta tokiko enpresei aurkeztean, babesa ematearen alde agertu ziren. Guztien ekarpena izan da lagungarria".

Antzuolako Munstroak dardolari taldeko kide dira Ovsakova eta Arias. Sarri joaten dira lehiaketetan parte hartzera, eta, "saltsero hutsak" direnez, dardolarien munduan tokitxo bat egin dute, pixkanaka: "Zaletasuna partekatzeak erraztu egiten du elkar ulertu eta planak antolatzea. Iaz egin genuen hemen lehenengo topaketa, modu xumean, eta horrek animatu gaitu pauso bat harago joatera. Lehiakortasunak eta giro goxoak bat egingo dute, eta jendea dardolarion artean dugun anaitasunean murgildu ahal izango da".

Jaurtitzaileen artean, azpimarratzekoa da Txekiar Errepublikako nazioarteko taldeko kideak etorriko direla, baita elite mailako euskal eta espainiar jokalariak ere: "Batzuk aipatzearren, David Davila zornotzarra, Espainiako txapeldun izandakoa; eta Alacantetik etorriko diren Jose Justicia –Justi– eta Ricardo Perez –Riki–, iaz Las Vegasen munduko txapelketa profesionala irabazi zuen bikotea".

Kirola eta musika

Criquet eta 501 modalitateen jokamoldean, bikotekako partidek inauguratuko dute Ongi Etorriko I. Irekia gaur, hilak 8, 19:00etan hasita. Zapatuan, berriz, banakako lehiaketak jokatuko dituzte goizean –09:00etan bigarren mailakoa eta 12:30ean lehen mailakoa–. Arratsaldean, 20:00etan, modalitate berezi batean arituko dira, parte-hartzaileek zozketa bidez osatuko baitute bikotea: "Oso formatu polita izango da, hasiberriek maila handiko dardolariekin jokatzeko aukera izango dute eta". Hala, 6.500 euro banatuko dituzte kategoria guztietako irabazleen artean.

Bestetik, zuzenekoa egingo du Patxi Luque buru duen hard-rock musika-taldeak, Love & Hate diskoa aurkeztuta, zapatuan, 20:00etan hasita, jatetxearen kanpoaldean. "Une horretan joko du goia topaketak, festara bertaratzen diren herritarrak ere elkartuko direlako".

DAVID DAVILA

PHOENIX DARTS ELKARTEKO KIDEA

"Antolatzaileek lan handia egin dute, Euskadikoak ez ezik Mallorcako, Bartzelonako, Asturiasko zein Alacanteko onenak elkartuko baitituzte. Saiatuko gara maila ematen".

 

JOSE JUSTICIA 'JUSTI'

MUNDUKO TXAPELDUNA

Zirkuitu profesionalean nabil, Altzairuzko punta modalitatean. Ekainean nazioartekoa daukat, Frankfurten. Eta gaur Antzuolan izango gara, txapelketatzar batean, inguruko onenekin".

 

RICARDO PEREZ 'RIKI'

MUNDUKO TXAPELDUNA

"Top Gun kategorian txapeldun izan berri naiz, Hong Kongen. Uztailean Koreara noa; irailean, Las Vegasera. Orain, Antzuolara nator, oso harreman ona dudalako antolatzaileekin".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak