Dagoeneko mailaz igotzea lortu du buruz buru, baita binaka EITB Saria izeneko finala jokatzea ere. Bihar beste txapelketa bati ekingo dio, Azpeitian, begirune handia dion Eneko Sagarmendiren aurrelari gisa.
Joan den domekan ETB1en jarraitu ahal izan genuen Zumarragan jokatu zenuten finala, Pilota Egokituaren Gipuzkoako Irekiaren baitan. Nola bizi izan zenuen?
Hodei Asteasu izan dut bikotekide, hura atzean eta ni aurrean, eta partidu onak jokatuta eta batere espero gabe lortu genuen finalerako sailkatzea. Egun hartan, normalean baino urduriago nengoen. Jende asko etorri zen frontoira, eta gure aldeko pankarta bat atera zuten; gainera, zuzenean ari ziren telebistan ematen... Eta partidu oso zaila geneukan aurretik, Lander Ortega eta Eneko Sagarmendi pala-jokalari zailduak garaitzea baitzen erronka. Parekatua izan zen lehenengo zatia, baina bigarrenean abiada hartu zuten aurkariek. Bukaerarako, 20-15 galdu genuen, baina oso txapelketa ona egindako sentsazioarekin geratu nintzen.
Partidu ostean gertuko asko izan zenituen gogoan.
Beste munduan dauden nire aitona-amonei eskaini nien egindako txapelketa, eta familia guztiari: aita, ama, anaia, eta beste guztiak. Iker Mansori ere bai, entrenamenduetan laguntzeagatik. Eskupilotan profesional mailan nire idoloak diren Julen Martija eta Jokin Altuna ere izan nituen gogoan, baita nire urruneko lehengusu Aitor Elordi ere.
"Bihar, Eneko Sagarmendirekin osatuko dut bikotea; Julian Retegirekin konparatzen dut"
Aspalditik jarraitzen duzu Eneko Sagarmendiren ibilbidea. Lagun izango duzu orain.
Hala da. Binakako torneo bati ekingo diogu zapatu honetan, Azpeitian. Lau bikote lehiatuko gara elkarren artean eta bi onenek finala jokatuko dute, Villabona-Amasan, maiatzean. Nik Zumaian bizi den Eneko Sagarmendi izango dut bizkartzain. Altua eta gogorra izateaz gain, harresi baten modukoa dela esaten dut. Airez pila bat sartzen da, asko gozatzen du pilota, eta sekulako bi-paretak eta dejadak egiten ditu. Julian Retegi maisu handiarekin konparatzen dut. Izan ere, 21 txapel irabazi ditu denera. Ederra izango litzateke finalera iritsi eta azken tantoaren ostean esan ahal izatea: "22 tanto eginda, Xabat Askasibarrentzat lehen txapela, eta Eneko Sagarmendirentzat 22.a!".
Konta egiguzu, Xabat: Nola dago egituratuta pala egokituaren zirkuitua?
Hiru maila daude, koloreka sailkatuta. Beheko mailari talde gorria esaten zaio, erdiko mailari zuria eta goiko mailari urdina. Buruz buru jokatu nuen lehenengo torneoan talde gorriko pilotariak izan nituen aurkari, eta, irabaztea lortu nuenez, maila zurira igotzea izan da saria; eta binakako txapelketa maila urdineko pilotari batekin batera jokatzea ere bai. Kasu horretan, Enekorekin. Hala, maila zuriko eta urdineko bikoteak arituko gara nor baino nor gehiago: Erik Gaton eta Mikel Vega, Joseba Altuna eta Josu Arratibel, Jurdan Arakistain eta Ibai Gomez, eta Eneko Sagarmendi eta biok.
Eskupilota izan da zure kirol espezialitatea. Nolatan hasi zara palan jokatzen?
Aisialdiko ekintzak antolatzen dituen Haize Berri elkartean parte hartzen dut, eta hango begirale Aimar Larreak animatu ninduen palan jokatzera, txapelketa ugari antolatzen zirela eta. Zalantzak izan nituen, ez nintzelako modalitate horretan ibilitakoa. Iker Manso herrikidearekin entrenatzen hasi, eta iritziz aldatu nuen. Gustura nago urratzen nabilen ibilbidearekin.
"Lehen urtea izanik, helburua lasai hartu eta disfrutatzea da; horretan dihardut joan den hiletik"
Ikerrek berak esan du gaitasuna soberan zeneukala, eta gehiago kezkatzen zuela urduritasuna kudeatzen asmatzeak, baina oso ondo erantzun duzula.
Kantxara sartu aurretik eta kantxan nagoen bitartean arnasketa ariketak eginda lasaitu egiten naiz. Iker botilero izaten dut eta haren aholkuei kasu egiten diet; adibidez, arriskatzeko esaten didanean. Baina, bereziki, lasai hartzeko esaten dit, eta disfrutatzeko. Horretan gabiltza.
Ze beste afizio daukazu?
Kirolak gustatzen zaizkit asko. Txikitan telebistan ikusten nituen kirolak praktikatzen saiatzen nintzen: txirrindularitza lehenengo, eta gero, eskupilota. Gaur egun, errugbian ere ibiltzen naiz. Arrasate Rugby Taldeak egin zidan probatzeko gonbidapena duela bizpahiru urte, eta ordutik dihardut; hori bai, kontu handiz, minik ez hartzeko.
Eta zure egunerokoa nolakoa da?
Goizetan, astelehenetik ostiralera, Goizperren egiten dut lan. Excell-eko lanak egin, fakturak eta albaranak eskaneatu, artxibatu, tailerrera eraman... Eta beste gauza asko. Astelehen eta asteazken arratsaldeetan Eibarko Gureak lantegira joaten naiz. Hango historia medikoak eta erradiografiak txukuntzen ditut, besteak beste. Eta atseden hartzeko tartea ere hartzen dut: bideoak ikusteko, bideojokoetan aritzeko, liburuak irakurtzeko...