Lander Ortegak eta Eneko Sagarmendik osatutako bikote gorria hasieratik jarri da markagailuan aurretik, baina kamiseta berdedun Xabat Askasibarrek eta Hodei Asteasuk bizi-bizi mantendu dute lehia: hiruna, seina, zazpina eta hamarna berdintzera ailegatu dira, eta, tartean, aurretik jartzea ere lortu dute. Bikote biek hamargarren tantoa egin duten unetik aurrera, ordea, gorriak jarri dira markagailuan aurretik eta ez da hori itzultzeko modurik egon: gorriek egin dituzte hurrengo sei tantoak (16-10), 15era ailegatzea lortu dute berdeek, baina ordurako 19 eginak zituzten gorriek (19-15), eta, beste bat gehiagorekin, eurentzako izan da garaipena. 20-15 amaitu da partidua.

Ezusteko atsegina
Antzuolakoak bere lehenengo finala izan du kategoria horretan, eta ezusteko atsegina eman du. Pozik egoteko moduan dagoela azaldu du berak ere amaieran: "Sagarmendi harresi baten modukoa da, oso ondo eusten du pilota, eta baita gozatu ere. Bagenekien partidu zaila izango zela eta urduritasunak ere ez du laguntzen, baina azkenera arte borrokatu gara".
Gaurkoarekin pozik, hurrengo pausoa txapelduna izatea dela adierazi du: "Eneko Sagarmendiren 21. txapela izan da gaurkoa. Ea elkarrekin irabazten dugun hurrengoa, bere 22.a eta nire lehena", bota du, humoretsu.
Bitartean, lanean jarraituko du, Iker Mansorekin entrenatzen. Berari eskaini dio gaurkoa; berari eta beste askori: zendutako aiton-amonei, familiari, Olalde pilota elkarteari, pilotari profesionalei eta Antzuolako herritarrei.
Horietako hainbat izan dira finala bertatik bertara ikusten, Zumarragako Beloki pilotalekuan; Olatz Lezeta alkatea, tartean.
