Euskara ikasten eta erabilera bultzatzen dabiltzanek ere eramango dute lekukoa

Hasier Larrea 2026ko martxoaren 26a

Carlos Angeles eta Iker Txaparro, berriketan.

Udalak Antzuola Ariguneko eta uler-saioetako kideei emango die protagonismoa. Gaur, motorrak berotzeko, Korrika Txikia, magia ikuskizuna eta bertso-poteoa egingo dituzte.

Bihar, 07:00etan, eskurik esku banatuko da Korrikaren testigua Antzuolako lurretan sartu ahala, eta azpimarratzeko modukoa da Udalari dagokion tartean Antzuola Ariguneko Iker Txaparro eta uler-saioetan parte hartzen dabilen Carlos Angeles joango direla korrikalari-taldearen buruan, bi taldeok ordezkatzen. Udalak aitortza moduko bat egin nahi izan die lekukoa haiei emanda, herrian euskararen erabilera sustatzeko egiten ari diren ahalegina saritzeko.

Izan ere, jakina da kalean bederatzi puntu egin duela behera euskararen erabilerak azken hamabost urteetan. Egoera hobetu guran, herritar talde batek eta udal ordezkari batzuek Euskara Batzordea sortu zuten, eta elkarlanean ari zirela iritsi zitzaien Gipuzkoa Arigune proiektuan parte hartzeko aukera. Taupako eta UEMAko eragileen laguntzarekin, euskaraz zertxobait ulertu eta hitz egitera ausartzen ez zirenei begira ulersaioak antolatzea izan da ekimenetako bat. Joan den urrian hasi ziren ikastaroak, eta, Txaparrok aipatu duenez, "onarpen oso ona" izan dute. Hain zuzen, Angelesek berak eman ditu partaideen gaineko datuak: "40 lagun inguru gara, denak Antzuolatik kanpo jaiotakoak eta horietako asko jubilatuak, eta lau ikasgelatan gaude banatuta. Astero pare bat saio egiten ditugu. Nire kasuan, lana dela-eta justu samar ibiltzen naiz saioetara iristeko, baina banabil hobekuntza igartzen; euskara ulertzeko orduan, gehienbat".

Uler-saioek "oso onarpen ona" izan dute; 40 lagun inguru joaten dira ikastaroetara

Angeles mexikarra da jaiotzez eta 2004tik bizi da Euskal Herrian. 20 urte inguru daramatza Antzuolan, eta onartzen du euskara ikastearena atzeratu egin zaion egiteko bat izan dela: "Erronkari eusteko aukera ematen didate orain uler-saioek, eta espero dut beste bizpahiru urtean irautea ikastaroek. Besteak beste, lagun artean integratuago egoteko, eta neure alabek kartetan tranparik egin ez diezadaten; kar-kar".

Txaparroren esanetan, ulersaioak erabiltzaileei moldatuta daude, "modu arinean praktikatzen dutelako, hizkuntza bat barneratzeak bere lana duela aintzat hartuta". Belarria prestatzen joan ahala, euskaldunek haiekin euskaraz komunikatzeko erraztasun handiagoa izango dute, arigune kontzeptuak proposatzen duen moduan. Euskaldunengan ere badute begirada jarrita Euskara Batzordeko kideek. Beste fase batean daude murgilduta orain, euskaldun zaharrak xaxatzeko asmoarekin, eta datozen asteetan ekintza batzuk kaleratuko dituzte, "jendeari harra sartzeko".

Gaurtik hasita

Zapatu goizerako berotze aldera, neska-mutilek Korrika Txikia egingo dute gaur, ostirala, 15:45ean, eta 17:00etan magia ikuskizuna egingo du Hodei magoak. 19:00etan, berriz, Kaleko bertso eskolakoek bertso-poteoa egingo dute. Azkenik, domekan, Laburbira euskarazko film laburren zirkuituko piezak ikusi ahalko dira Torresoroan, 18:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak