"Gogotsu", bederatzi urteren ostean, Korrika herrigunetik pasatuko delako

Hasier Larrea 2026ko otsailaren 27a

2017ko apirilaren 8an, antzuolarrak Deskargan gora, herrigunea atzean utzita, Korrikaren lekukoa eramaten.

Antzuolako Korrika Batzordeak prest du datozen lau asteotarako egitaraua. Gaur gauean kontzertuak egingo dituzte gaztetxean.

Antzuolarrek lau edizio itxaron behar izan dituzte Korrikari harrera herrian bertan egiteko. 2024ko edizioan Gorla inguruko herriko lurretatik pasa zen, baina oraingoan kaleetan bertan entzungo da euskararen aldeko aldarri sutsua. Martxoaren 28an, zapatua, 07:07rako dago aurreikusita euskararen aldeko tropela Bergaratik herriko lurretara sartzea, Herriko Plazarako bidea hartu eta Deskargan gora jarraitzeko. Orduantxe bukatuko da Korrikaren Debagoieneko zeharkaldia, eta hurrengo egunean, martxoaren 29an, iritsiko da Bilboko helmugara, 2.175 kilometro egin ostean.

AEK-k antolatutako ekitaldi erraldoiari begira asteak daramatza Antzuolako Korrika batzordeak. Hiruzpalau batzar egin dituzte, hamabi lagun inguruko talde egonkorra osatuta. Amaia Ramirez de Okariz AEK-ko koordinatzaileak azaldu du batzordeak "ilusioz" heldu diola ekitaldiak antolatzeko erronkari: "Herri Eskola, Pausoka, Udala, Landatxope eta gaztetxeko ordezkarien elkargunea izaten dabil batzordea, eta guztion artean osatu dugu egitarau zabala".

Joan den zapatuan, Antzuolako 8 Miliak lasterketa baliatu zuten Korrikari lehenengo keinua egiteko. Besteak beste, salmenta-postua jarri zuten Herriko Plazan, eta "jende ugariren" arreta erakartzea lortu zuten.

Kultur arloko ekitaldiek ere izango dute lekua: gaur bertan, kontzertuak egingo dituzte gaztetxean; martxoaren 8an, Ztandap ikuskizuna aurkeztuko dute Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak; eta martxoaren 29an, Laburbirako film laburrak proiektatuko dituzte Torresoroan.

Haurrek, bestetik, Korrika Txikian parte hartu ahal izango dute martxoaren 27an, eta, bukaeran, %100 Hodei magia-ikuskizunaz gozatuko dute. Gainera, bertso-poteoa egingo dute egun horretan, 19:00etan; bertsolariei ez zaie oharkabean pasako hamabi ordu geratuko direla Korrika iristeko.

Horrez gain, gaztetxeko kideek kilometroa erosi dute Hazparnen, Antzuolako Aiherrako herriarekin duen 40 urte baino gehiagoko harremanaren baitan. Hala, Korrika batzordeak ere bat egin du deialdiarekin: "Bi herrion arteko senidetzea mantendu beharrekoa dela uste dugu hainbatek. Oraingo honetan, euskara eta Korrika aitzakiatzat hartu egingo dugu bat. Martxoaren 19an hara joateko autobusa antolatu nahian dabiltza; horrenbestez, animatu!".

Garrantzitsuena, erabilera

Beste mezu bat zabaldu du Ramirez de Okarizek: "Batik bat, euskara egunero erabiltzea. Horri eutsi nahian, martxan dugu Antzuola Arigune egitasmoa; dozenaka dira uler-saioetan eta euskara eskoletan euskara ikasten dabiltzanak. Euskaraz dakigunon ardura da ikasleen bidelagun izan eta euskara eguneroko hizkuntzatzat erabiltzea".

Gaur, hitzordua gaztetxean

Antzuolako gaztetxeko kideek Korrikari begirako egitaraua antolatu dute gaurko, ostirala, arratsaldetik gauera bitartean, Badator Korrika lelopean. Ondo pasatzeaz gain, helburua martxoaren 19an Aiherran Korrika egiteko deialdia zabaltzea ere bada. Izan ere, gaztetxeak kilometro bat erosi du Hazparne inguruan, eta autobusean joatea da asmoa.

Hala, 19:00etan irtengo dira, karro-poteoan, gaztetxetik. 21:00etan jatekoa banatuko dute, eta 22:00etan kontzertua joko dute Shibari –Ondarroako rock alternatiboa– eta Viafara – Usurbilgo rock-and-rolla– taldeek.

Gainera, Aiherran egitekoak diren plana finantzatzeko errifak salduko dituzte egunean zehar, urdaiazpiko baten zozketa eginda. 23:00etan jakinaraziko dute sariduna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak