Mohamed Lamine lagunaren dolua egiten dabilela hartu du tartea Rafia Mohamed Batik (Tinduf, 1987) GOIENArekin hitz egiteko. Bereziki eskertuta agertu da Antzuolako herritarrek egunotan eman dioten babes eta laguntzagatik. Joan den ostiralean, elkarretaratzea egin zuten Herriko Plazan, Mohamed Lamineren heriotza salatzeko, Inor ez da ilegala, Atzerritartasun legeak hil egiten du lelopean
Lehenik eta behin, nola zaudete? Nolakoak izan dira egun hauek?
Penatuta gaude, amets ugari zeuzkan lagun eskuzabala galdu dugulako. Une gogor hauetan oso lagungarria izan da inguruko guztiengandik jaso dugun babesa: batzuk aipatzearren, nire seme-alaben irakasleak, alkatea, gizarte laguntzailea... Askoz gehiago ari zaizkit deika, doluminak emateko eta edozertarako daudela adierazteko.
Lagungarria izan zen ostiraleko elkarretaratzea?
Zeharo. Ez nuen espero hainbeste jende etorriko zenik. Ezagunez gain, ezagutzen ez nituen antzuolar asko etorri ziren, eta baita Fronte Polisarioko ordezkariak ere. Mohameden familiak izan du keinu horren berri, eta oso eskertuta daude, benetan.
Zoritxarreko eguna izan zen otsailaren 2a, Carbonerasko (Almeria) hondartzan txikitako laguna hilik agertu zela jakin zenutenean.
Sorpresaz harrapatu gintuen guztiok. Inori ez zion esan Mediterraneo itsasoa pateran zeharkatzera zihoala. Bagenekien urtebete zeramala Espainiara sartzeko bisa lortu guran, eta hilabete zeramala Aljerian. Desesperatu egin zen, azkenean, eta pateran etortzekoa zen talde batekin egin zuen harremana. Haren familiak esan didanez, buruko mina izan zuen bidaian zehar. Itsasertzera iristea lortu zuten, baina uretara salto egin zuenean, gaizki zegoenez eta igeri egiten trebea ez zenez, ito egin zen. Emozio asko izango zituen momentu hartan: lehorrera iristeko presa, atzean uzten zuenarekiko tristura, amets bat betetzeko gogoa…
Haren gorpua aberriratzeko kudeaketak nola doaz?
Carbonerasko portuan dago oraindik. Mohameden ahizpa Frantzian bizi da, eta Carbonerasera joan da asteon, gorpua Tindufeko kanpamentuetara eramateko legezko prozedura gauzatzeko. Momentuz, itxaron egin behar duela esan diote, abisu berria jaso arte. Gure inguruko askok esan digute prest daudela gorpua aberriratzeko gastuak ordaintzen laguntzeko.
Laminek milaka sahararrek burutu duten bidea urratu gura zuen. Zergatik ezin izan zuen aldi baterako bisa lortu?
Asko zaildu da Espainiara joateko bisa lortzeko prozedura. Prezioa hirukoiztu egin da, eta burokraziak jarritako trabak handitu. Ez diete besteen bizitzek axola. Zerikusi zuzena dauka Saharako gatazkak puri-purian jarraitzeak. Espero dudan arren, zaila izango da konpontzea. Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuan nazioarteko herrialde asko daude interesekin, Marokoren alde posizionatuta: Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak... eta askoz gehiago.
Zeuk eta zeure familiak errazago izan zenuten hona etortzea?
Nire gurasoak izan ziren lehenak, eta duela bederatzi urte ingurutik bizi dira Antzuolan. 2016an, unibertsitate-ikasketak bukatzen ari nintzela –Frantses Filologia nenbilen ikasten–, aukera sortu zitzaigun ahizpari eta niri hona etortzeko, amak dirua bidalita. Ni Zumarragan egon nintzen lehen urteetan, 2021etik aurrera Amurrion, eta iaztik Antzuola dut bizileku.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Bergarako Urzelai harategian egiten dut lan. Urtebete egin nuen Larrea tabernan lanean, eta bertako lankide izandako batzuekin batera nabil orain harategian. Etxez etxeko langilea ere banaiz. Hiru seme-alaba dauzkat: Musa eta Ishag bikiek 10 urte dauzkate eta Naama alabak, 7 urte. Oso pozik bizi gara hemen; hirurek esaten didate ez dutela beste inora joan gura. Udara arte, alokairu-etxe batean bizi ginen laurok, baina orduan nire ahizpa etorri zen bere seme-alabekin eta senarrarekin, eta nire etxea utzi nien haiek pisu bat topatu bitartean. Hala, gu laurok gurasoen etxera joan gara. Mohamed, hain zuzen, gurasoen etxera zen etortzekoa. Sahararrok beti egiten diogu tokia elkarri.
Eta Tindufen daudenei begira ere bazaudete.
Saharar gehienak hango kanpalekuetan bizi dira, ez atzera eta ez aurrera. Han ez dago etorkizunik. Bizimodua ateratzeko aukera bakarra taxilari ibiltzea da, edo Mauritaniara joatea hango lehengaiak kanpamenduetan saltzeko. 2020an su-etena bertan behera gelditu zenetik, kanpamentuetatik irtetea arriskutsu bihurtu da. Marokoar soldaduek bonbardatu egin ditzakete. Sarritan eraso egin diete Sahara eta Mauritania artean. Harrapatuta daude. Hemen gaudenok diru pixka bat bakarrik bidali diezaiekegu.
BIZITZA ARRISKATZERA BEHARTUTA

Mohamed Laminek 43 urte beteko zituzkeen bihar, otsailak 14. "Gizon on eta eskuzabal" gisa definitzen du Rafiak. Biologiako unibertsitate titulua zuen, baina Tindufen eraikuntzan eta mekanikari soilik egin zezakeen lan. Mohamedek ez zeukan seme-alabarik, "eta ilobek aitatzat hartzen zuten". Haren lagun askok bezala, etorkizun hobe baten bila etorri nahi zuen Euskal Herrira, baina Espainiak Aljerian duen kontsulatuak ezeztatu egin zion aldi baterako bisa. Ondorioz, bidaia modu irregularrean egitea beste aukerarik ez zuen izan. Itsasoan hil zen, Afrikatik Europara pateran joateko hautua egiten duten milaka etorkini gertatzen zaien moduan.
NEGOZIAZIOAK, IREKITA

Saharako Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra puri-purian dago 2020an su-etena bertan behera geratu ondotik. EAEn Mendebaldeko Saharako delegatu Mojtar Leboihik, Antzuolako elkarretaratzean ere egon zenak, adierazi du lurraldean "areagotu" egin dela militarren eta polizien presentzia: "Izan ere, Marokok ez du nazioarteko komunitatearen gaitzespen argirik jaso; aldiz, haren asmoekin bat egiten dute, legez kanpokoak izan arren sahararren eskubideak urratzen dituztelako".
Bitartean, joan den domekan Madrilen elkartu ziren Marokok Mendebaldeko Saharari proposatu dion autonomia-plana negoziatzeko Marokoko, Mauritaniako, Aljeriako eta Fronte Polisarioko ordezkariak, AEBetako eta NBEko diplomazialariek gidatutako bileran. Elkarrizketek jarraipena izango dute, baina Fronte Polisarioak ez du sahararrei autodeterminazio-eskubidea onartzen ez dien eszenatokirik onartuko. Horri lotuta, Leboihik salatu du Espainiako presidente Pedro Sanchezek sahararren autodeterminazioeskubidearekiko postura "aldatu" egin zuela 2022an, "Marokoren xantaiak tarteko".
MAROKOK AUTONOMIA-PLANA PROPOSATU DU SAHARARENTZAT
AUTODETERMINAZIO-ESKUBIDEA AITORTZEA DA FRONTE POLISARIOAREN NAHIA
Errepublikak, 50 urte
Mugimendu horiek ez diete sahararren askatasun nahiei mesederik egiten, baina, hala ere, baikor izateko motiboak badaudela uste du Leboihik: "Nazioarteko legeriak okupaziopean edo kolonizatuta dauden herriei autodeterminazio-eskubidea aitortzen die, baina gaur egun, tamalez, herrialde indartsuek ez dute nazioarteko legeria errespetatzen. Hala ere, historiak erakusten digu egoerak aldatu egiten direla. Sahararrok aske izango gara, hori da munduak guretzat gordeta duen patua, nahiz eta gaur egun ilun ikusi".
Iritzi berekoa da Mohamed Lamineren lagun Adnan Dali tolosarra. Saharar herriak "inoiz amore emango ez duela" ziurtatu du: "Gure lurraldean duintasunez bizitzea lortu arte". Bestetik, nabarmendu du Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente denetik kanpamentuetan bizi diren sahararrek bizirauteko ezinbesteko duten laguntza humanitarioa "%56 murriztu" dela.
Nazioarteko testuinguru horren ondoriotzat jotzen du sahararrek beste herrialde batzuetara joateko legezko baimena lortzeko ezintasuna: "Duela urte batzuk, hango lagun batek hona etorri gura bazuen, Polizia Nazionalaren bidez gonbidapena tramitatu nezakeen eta baldintza erraz batzuk gaindituta etortzen zen, hasieran, aldi baterako. Neuk ere hala lortu nuen hona etortzea. Baina gaur egun traba burokratikoak handitu egin dituzte. Horren ondorio da, esaterako, Mohamedek pateran etortzeko erabakia hartu izana".
Mediterraneoan eta Atlantikoan itotzen diren pertsonen heriotzak salatzeko altxatzen diren herritarrei, "tartean antzuolarrei, ostiralean erakutsi zuten moduan", Saharako Errepublikaren 50. urteurreneko askotariko ekitaldietan parte hartzeko eta "gurekin ospatzeko" gonbidapena egin diete: "Eta, bide batez, susper dezagun euskaldunekin dugun adiskidetasun historikoa".