Garai bateko atleta antzuolarrak

Txomin Madina Milikua 2026ko otsailaren 5a

Ezker-eskuin: Jose Luis Errasti, Julian Errasti, Luis Mari Jauregi, Jesus Bareño eta Inazio Larrea. Azpikoa: Jabier Arregi.

Azken urteotan bada Antzuolan familia bat atletismo lasterketetan, izan mendikoetan izan kros modalitatean, nabarmendu dena: larreatarrak. Hala, Ekain, Ibai eta Aimar anaiak titular bat baino gehiagoren protagonista izan dira Goienako hedabideetan. Korrika egiteko zaletasuna, baina, ez da zerbait berria Antzuolan, eta horren adibide garbia da Iñigo Ramirez de Okarizen Irinmodo blogetik ateratako argazkia.

Puntua aldizkariaren 484. zenbakiko Argazki zaharra atal berrian argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Bertan, aurreko mendeko 50eko hamarkada bukaeran Antzuolan sortu zuten atletismo taldeko kideak agertzen dira: korrikalariak 17 urte ingururen bueltan ibiliko dira, eta Arrasaten jokoan egon zen proba batean ateratakoa da argazkia. 

Entrenamenduak

Ramirez de Okarizek azaltzen duenez, Jose Luis Errasti zen atleta gazteen entrenatzailea, eta, herrian atletismo pistarik ez zegoenez, lan-jardunaren ostean Antigua eta San Blas artean korrika eginez entrenatzen ziren. Historialariaren arabera, gainera, behin entrenamendu saioetan egin beharrekoak egindakoan, Antiguako tabernan elkartzen ziren tragoxka bat hartzeko. Argazkian agertzen diren atletek kros modalitatean parte hartzen zuten, eta Oñatin, Bergaran, Aretxabaletan eta Lasarte-Orian jardun zuten probetan emaitza onak lortzen omen zituzten. 1962an Antzuolan bertan ere egin zuten atletismo txapelketa, eta, hain zuzen ere, urtebete lehenago (1961) sortutako Danok Bat elkartea ibili zen proba sustatzeko lanetan

• Argazkia noizkoa: ustez, 1958koa.

• Herria: Antzuola.

• Argazkilaria: Arregi familia.

• Artxiboa: irinmodo.blogspot.com

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak