Andramanuelak talde feministak eta Antzuola Palestina taldeak bi ekitaldi antolatu dituzte datorren asterako. Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguneko elkarretaratzea izango da bata, eta bestea, Las hijas de la Nakba dokumentalaren proiekzioa. Hitzordu hori domekarako, hilak 30, antolatu dute, 18:30ean, Olaranen. Emakume palestinarrei ahotsa ematen die Estela Falastinek zuzendutako dokumentalak, arreta okupazio kolonialaren aurkako borrokan daukaten presentzian jarrita. Hala, zortzi emakumeren egunerokoan murgilduko dira ikus-entzuleak. Gainera, azken mendeko kolonizazioaren data eta gertaera garrantzitsuenak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak.
Hitzaldia Errekaren egoitzan
Bestetik, indarkeria matxistaren aurkako jardunaldi berezia egingo dute azaroaren 27an, 17:00etan hasita, Erreka enpresaren Antzuolako egoitzan. Bertan, Carmen Gimenezek hartuko du hitza, ADECCO Fundazioko enbaxadoreak. "Haren bizipen pertsonaletik abiatuta, indarkeria matxistaren inguruko gogoeta eta hausnarketak partekatuko ditu", azaldu dute enpresako arduradunek. Izan ere, 2010ean, bizkarrezurreko lesio bat eragin zion genero-indarkeria sufritu zuen, haren bizitza betiko aldatu zuena. Atleta paralinpikoa da ordutik, eta Espainia mailako txapelduna.
Ekitaldira bertaratzeko izena eman beharko da, webgune honen bitartez.