Etxebizitza, energia eta tokiko ekonomia, EAJren proposamenak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025eko urriaren 21a

Antzuolako EAJko kideak, Herriko Plazan. Irudia: Antzuolako EAJ.

Jeltzaleen hitzetan, "eraikitzaileak eta elkarrizketarako irekiak" dira egin berri dituzten proposamenak, "herriaren alde egitea" helburu izanik.

Udal politika fiskala "bidezkoagoa, sozialagoa eta herritarren ongizaterako eraginkorragoa" izatea du xede Antzuolako EAJk, ohar baten bidez adierazi duenez, eta "zuhurtasun ekonomikoa eta ekitatea uztartzen dituzten neurriak" proposatu ditu horretarako datorren urteko udal aurrekontuetan eta ordenantza fiskaletan –hilaren 16an onartu ziren, aho batez–. "Udalaren eginkizuna ez da dirua pilatzea, herritarren bizitza erraztea baizik. Udalak badu gaitasuna neurri zuzen eta eraginkorrak hartzeko, batez ere etxebizitzan, energia erabileran eta tokiko ekonomian. Honako hau proposatzen dugu: Antzuola herri bizigarriagoa eta solidarioagoa izatea", adierazi du Josu Xabier Aranguren EAJko bozeramaileak.

Etxebizitzaren auziari dagokionez, etxebizitza hutsen "zentsu erreal bat" egiteko eskatu du, "egun benetan erabilera duten eta hutsik dauden etxeak bereiztea" helburu izanik; hala, proposatu du urtetan hutsik eta erabilerarik gabe dauden etxebizitzek %150eko zerga igoera izan dezatela, "era horretan erabilerarik ez duten etxeak merkatura ateratzeko pizgarri gisa. Aldiz, legez alokatuta dauden etxeei lau urtez %50eko hobaria ezartzea eskatzen du, alokairu legala sustatzeko eta herrian etxebizitza eskuragarri gehiago egon daitezen". Izan ere, Arangurenen hitzetan, "etxebizitza ez da luxu bat, baizik eta oinarrizko eskubide bat: Udalak neurriak hartu behar ditu herrian bizitzeko aukera izan nahi duten gazteei eta familiei bidea errazteko. Hori da gure lehentasuna".

Energia eta tokiko ekonomia

Energiaren arloan jeltzaleek honako proposamen hau egin dute: autokontsumo eta efizientzia energetikoko inbertsioak egiten dituzten herritarrek %10eko diru-laguntza jaso ahal izatea, "energia aurreztearen edo energia berriztagarrien alde egiten duen herritarrak udalaren babesa izan behar duela" iritzita. Horrez gain, proposatu dute, ibilgailu garbien erabilera sustatzeko, %95eko hobaria ezartzea ibilgailu elektrikoendako edo hidrogenoz dabiltzanendako, eta %75ekoa hibrido entxufagarriendako.

Tokiko ekonomia eta komertzioa biziberritzeko, azkenik, EAJk proposatu du %90eko hobaria ezartzea lokal komertzialetan egiten diren egokitzapen eta hobekuntzetan, baita lokala etxebizitza bihurtzeko lanetan ere. "Merkataritza txikia Antzuolako bizitzaren bihotza da. Udalak ez ditu zailtasunak jarri behar, aukera eman behar du berrikuntzarako eta jarduera ekonomikoa biziberritzeko".

Gizarte politiketan arreta

Gizarte politiketan ere arreta jarri dute jeltzaleek, ur eta zabor zerbitzuetan %50eko beherapena proposatuta DBE Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten familiendako, "udal tasen bidezko ikuspegi solidario baten barruan", haien esanetan. "Inor ez dadila atzean geratu. Zerbitzu publikoak behar duten guztien eskura egon behar dute, eta hori ez da gastua, inbertsioa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak