Kreditu aldaketa eta kreditu txertaketa ere izan zuten berbagai 2026ko ordenantza fiskalak onartu aurretik. Honela laburbildu zuen Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak bilkuran berba egindakoa: "Partida batzuetan dirua falta da, eta, kreditu aldaketa egin dugu 97.000 eurokoa, baina, bestetik, 2022, 2023 eta 2024ko partida batzuetan urtez aldatu ziren, baina, dirua ez. Beraz, dirua gerakinera joan zen, eta hor dago, baina, aurten exekutatu dira obra horiek, eta, dirua behar genuen. Beraz, 500.000 euroko kreditu-txertaketa bat egin behar izan dugu. Finantzak hankaz gora jarri arren, aurre egingo diogu".
Oposizioaren ekarpenak jasota
Aho batez onartu zituzten datorren urtera begirako ordenantza fiskalak. Udal Gobernuaren proposamenarekin konforme agertu ziren oposizioko kideak, eta, hasierako planteamenduari ekarpenak txertatuta, udalbatzako kideak pozik geratu ziren planteamenduarekin.
Ordenantzak %3ko igoera izango dute 2026ra begirako ordenantza fiskalek. Horrekin batera, zaborraren kasuan, %0,54eko igoera izango du. Horiek azpimarratuta, EAJk egindako proposamenak ere kontuan hartu dituztela adierazi zuten Udal Gobernuko kideek. "EAJren ekarpen batzuk onartu ditugu, beste batzuk datorren urterako aztertzeko utzi ditugu, eta, gainera, ekarpen berri batzuk egitea ere ekarri digu horrek. Nik uste dut denok onartu ditugula, eta gustura geratu garela egindakoaz".
EAJko bozeramaile Josu Xabier Aranguren gustura geratu zen hartutako erabakiarekin. "Oso positiboa izan da onartutakoa. Hasiera batean, orokorrean %3a igotzea zen, eta, gure taldeak pertsonen onuratarako, efizientzia energetikoetan edo komertzioko kontuetarako proposamenak egin genituen. Batzuk, luzera begira aztertzeko geratu ziren, eta, orokorrean eurek gaineratutakoak guk proposatutakoekin linean doazenez, positiboa iruditzen zaigu aurrera atera izana".