Uztailaren 17tik 20ra egin dira herriko jaiak, eta lehen balorazioak egin dituzte Udalak eta eragileek. Udalaren hitzetan, Olatz Lezeta alkateak azaldu duenez, "aurreikusitako moduan" egin dira antolatutako ekintzak, "dena ondo" joan da eta herritarrak "gustura" ibili dira. Hala ere, batik bat egubakoitz eta zapatu gauean izandako gertakari batzuk salatu ditu: "Edukiontzi batzuk erre egin zituzten, beste batzuk apurtu, eta baita jolas parkeetako kartelak eta panel informatibo batzuk ere. Era horretako ekintzak ez dira beharrezkoak, eta, gainera, kostu bat dakarte".
Udala, ordea, ez da salaketa egin duen eragile bakarra izan, beste bat egin baitu Andramanuelak talde feministak. Haren hitzetan, Herri honetan aldatzen ez den gauza bakarra zuen maskulinitatea da zioen pankarta bat jarri zuten eguaztenean, baina eguenetik egubakoitzera kendu egin zutela ohartu ziren: "Gure herrira ere iritsi da olatu erreakzionarioa, eta, beste behin, zuen maskulinitatea harrotu zenuten gauean. Hau eraso bat izan da. Kaleak ez dira zuenak".
Txosnak eta Ez Dot Moztuko Bizarra
Txosna batzordeak, lerro hauek idazterako, ez du jaien baloraziorik egin, eta gerora emango du horren berri. Ez Dot Moztuko Bizarra taldeak, berriz, balorazio "oso positiboa" egin du: "Mila ogitartekotatik gora saldu dira, eta jendeak ondo erantzun du. Igandeko bazkaria eta kantaldia ere oso ondo joan ziren. Horrenbestez, eskerrak herritarrei, laguntzaileei eta Garazi eta Amaiur musikariei, eskainitako momentu politengatik".
Alardea eta Antzuola-Palestina
Alardea batzordeko kideek eskerrak eman dizkiete herritarrei Antzuolako Alardean parte hartzeagatik: "Batzuk, jendaurrean; beste batzuk, atzeko aldean. Denon parte-hartzea ezinbestekoa da". Hala, eskerrak ez ezik, zorionak ere eman beharrean daudela azaldu dute.
Antzuola-Palestina taldeak ere eskerrak eman dizkie herritarrei: "Palestina jasaten ari den genozidio gogor eta onartezina salatzeko eta gure elkartasuna adierazteko antolatu ditugun ekintzei emandako erantzun eta babesagatik". Era berean, hurrengo deialdiei adi egoteko eskatu dute, "Netanyahuk eragin duen sarraskiak, zoritxarrez, ez baitu oporrik hartuko".