Esti Markez: "Akustikoan eta modu intimoan joango gara"

Mireia Bikuña 2025ko uzt. 16a, 16:05

Esti Markez musikaria. Irudia: Esti Markez.

Aiako musikariak kontzertua egingo du uztailaren 20an, 21:00etan, Herriko Plazan; azken bost urteetan sortutako kantuak joko ditu, bi musikariren laguntzarekin.

Jaiei azken ginga musikala ipintzeko ardura izango du Esti Markezek (Aia, 1999).

Nolakoa izango da Antzuolako kontzertua?

Normalean gutxitan erabiltzen dugun formatuan joango gara. Taldean bost kide gara, baina oraingoan hirukote moduan joango gara, emanaldi akustikoa egiteko. Moldaketa bat da, baina uste dut emanaldi ederra eta oso gertukoa izango dela. Antzuola herri txikia da, eta horrek ematen du aukera emanaldi intimoagoak egiteko. Herriko Plaza doinu goxoekin betetzeko asmoa daukagu.

Formatua moldatuta eta, errepertorioa betikoa izango da?

Hori da. Errepertorioa bera da: azken bost urteetan idatzi eta sortutako kantuen errepasoa izango da. Aitarekin erdi bana egindako diskoko batzuk eta bakarrik egindako bi diskoetako beste hainbat. Hitzekin jolasean eta Atenporala dira bi disko horiek.

Azken diskoa iazko urrian kaleratu zenuen; nolako bidea egin du orain arte?

Nik esango nuke bide nahiko intimoa egin duela. Ez ditugu kontzertu asko eduki, baina egindakoetara jende asko etorri da, eta gu geu oso pozik geratu gara. Oro har, oso gustura nago diskoak izan duen harrerarekin.

Bi urte behar izan dituzu Atenporala diskoa egiteko.

Bi urte oso intentsuak izan dira. Nik idatzi ditut hitzak eta sortu ditut melodiak, eta lan nekeza izan da. Akaso, jendeari bi urte denbora gehiegi dela irudituko zaio, baina niri horrela lan egitea gustatzen zait. Esango nuke benetako diskoa dela. Diskografiaren munduak hartu duen martxa zoratzekoa da. Disko bat atera orduko, beste batean pentsatu behar da. Ni gaztea nintzenean, 16 urterekin, lau urte egoten ginen disko batekin bueltaka. Egun, pentsaezina da hori. Niri gustatzen zait kantuak idaztea eta doinuak sortzea, eta ez nago beti inspiratuta. Horregatik gustatzen zait denbora hartzea.

Pop estiloa da zurea?

Esango nuke baietz. Folka ere gustatzen zait; beraz, bien arteko erdibide bat dela esango nuke. Ez daukat estilo jakinik; izan ere, askotariko musika estiloak entzuten ditut. Ia denak. Eta guztiak gustatzen zaizkit. Azken diskoarekin, abesti bakoitzak eramaten ninduen tokira eramaten utzi diot neure buruari.

Mikel Markezen alaba izateaz harago, nola definituko zenuke zeure burua musikari moduan?

Nire aita da, eta hori ezin dut ukatu. Asko lagundu dit mundu honetan leku bat topatzen, baina nik aldarrikatzen dut Esti Markez naizela. Musikaria. Nire kantuekin, nire sorkuntzekin, nire bandarekin... Alegia, Mikelen alaba baino askoz gehiago naizela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak